GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Matazan ari gara, hari


Hasia da, berriro, ostera ere, kanpaina. Ama, ama! Bozgorailuak topera dabiltza honezkero kalerik kale, dendaz denda, pulpitutik pulpitura, nor bere doinuko mezuekin. Bai, asmatu dun/k lagun, ez nago antxoa kanpainaz, Gabon kanpainaz nago, gero eta lehenago heltzen diren Gabonez. Laster batean udazkeneko ekinozioarekin batera hasiko dira hiriko batzuk, zuhaitzen faltan, ondoko kale-farolei adar transgenikoak itsatsi eta adarrotan bonbillak ipintzen… eta piztu ere! Zenbat txori kaletar ez ote dira elektrokutatuko, behin-behinean behinik behin, hemendik Gabonak bitartean! Eta gerora ere, udaberriko ekinozioan nahi izango baitute batzuek farolak husten hasi.

Tira, argira! Kale nagusietan sobera, argia, eta beste kanpainan ari diren zenbait hautagairengan sobera ere, lanbroa. Sarritan argiagoa suertatzen da iluna. Batzuei ederto batean etorri zaie kanpaina biak aldi berean izatea, Gabon kantak eta Kontzertua doinu berean lotzeko.

Eta hara! subiranistek burujabetzara seinalatzen dutenean autonomistak atzamar-puntako kontzertura geratzen dira begira, ilargia lurrean balitz bezala, eta lurra zementuan. Ibaira begira daudenean ere, zubia baino ez dute ikusten, seguruenik.

Baina horretan dugu asmatu beharra, mataza hari egokietatik tiraka askatu eta ganorazko jantzia gustura brodatzen hasi. Mataza batean ari garelako, hari. Kanpaina, ez nago Gabonetakoaz orain, sozio-politika seriorako garaia ez bada ere, beste hura ere ez, kanpainako egunak, hausnarketako azkena barne, egutegiaren parte direnez baliatu egin behar ditugu, aldaketek egutegi osoaren beharra dutelako, eta gehiago, egunean hogeita lau orduz, baldintzak sortzen.

Eta nostalgia hor konpost! Iragana ezin da etorkizuna izan, eguzki-sistema dinamikoan behintzat!