10 DéC. 2015 Ikasle boterea eraikitzea xede hartuta aurkeztuko da IA hauteskundeetara Apustu nagusia «ikasle boterearen eraikuntza» dute Ikasle Abertzaleek, baina bide horretan baliagarri izan ditzaketen tresnak erabiltzeko prest daude eta, horregatik, datozen egunetan EHUn –gaur– eta NUPen –15ean– izango diren hauteskundeetara aurkeztuko dira. Dernière mise à jour : 10 DéC. 2015 - 06:38h GARA BILBO Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak kontseiluetako eta klaustroko hauteskundeak egingo dituzte datozen egune-tan, –EHUn gaur bertan eta NUPen asteartean–. Horren harira Ikasle Abertzaleek oharra igorri dute, non gogora ekartzen duten «ikasleon boterearen eraikuntzarako apustua» egiten duten arren beraien «lan politikoa aurrera eramateko tresna hauetaz baliatzen» direla, lan horretarako behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkietelako. Ildo horretan, IAk azaldu du EHUn, kontseiluetara, «tokian tokiko ikasle mugimenduarekin batera aurkezteko hautua» egin duela, hala egiteko aukera izan duen guztietan bederen. «Gure proiektuak gauzatuko baditugu, ikasleria osoaren borrokaz lortuko ditugu; beraz, ezinbestekoa ikusten dugu Euskal Eskola Nazionala lortzeko bidean proiektuari ekarpenak egiten dizkion eta gure borroka indartzen duen edozein ikasleren, eragile nahiz norbanako izan, aktibazioa eta atxikimendua lortzea», nabarmentzen dute. Horiek hala, Gasteizen campus osoko hainbat eragileren artean osatutako Jaikialdia! plataformarekin aurkeztuko dira, fakultate guztietan. Leioan, fakultate bakoitzeko asanblada zein ikasle mugimenduko gainerako eragileekin aurkeztuko dira; Donostiako Ibaetan, «ikasle mugimendua oraindik suspertze fase batean dagoenez», Ikasle Abertzaleak gisa aurkeztuko dira kontseiluetara. Eta Bilboren kasuan Sarrikon soilik aurkeztuko dute hautagaitza. IAk ez du EHUko klaustrora hautagaitzarik aurkeztuko, «erabakitzeko gaitasun guztia» kendu diotelako, «kontsultarako organo burokratiko soila bilaka- tuz». Nafarroako kasua, aldiz, bestelakoa dela uste du ikasle antolakundeak, eta «unibertsitateak kontseilurik ez daukanez klaustrora aurkeztea erabaki du: «NUPeko errealitatea aztertuz beharrezkoa ikusten dugu hauteskundeetara aurkeztea: eskaintzen dituen baliabideak ustiatzeko, informazio iturri gisa erabiltzeko eta instituzioen barrutik presioa egiteko». Edonola ere, IAk argi ikusten du bere «borroka espazioa kalean dagoela» eta «bertan jardunez» eramango dituela ikasle mugimenduak bere proiektuak aurrera. KLAUSTROA IAk salatu duenez, «EHUko klaustroak unibertsitateko erabakigune nagusia izan beharko lukeen arren, gaur egun ez du inolako funtzio praktikorik betetzen». Beraz, «klaustroa itxurakeria hutsa» dela iritzita, bertara ez aurkeztea erabaki dute.