15 DéC. 2015 JO PUNTUA Inbentarioa Mikel Ibarguren Idazlea Euforia eta poza agertu dute Parisen klima aldaketaren aurkako Cop21 goi bileran, «aurrerapauso itzela izango da gizadiarentzat», esan du Fabius Frantziako Atzerri ministroak, bego. Azaroa bitartean lau mila eraso matxista gertatu dira Hego Euskal Herrian, lau mila! Urkulluk nazio forala atera digu txisteratik, eta errieta egiten badakiela erakutsi digu. Hauteskundeak espektakulu huts bihurtu dira, mediaklatura nagusi da informazio guneetan. Zaharrak berri. Durangoko Azokak 50 urte bete ditu gure baitan leku bat eginez, balorazio baikorra. “Egunkaria” itxi zutela 25 urte dira. “Egin”-eko zuzendaria atera berri da kartzelatik. Bost gaztek espainiar Poliziaren eta Ertzaintzaren jazarpena salatu dute publikoki, zer egin behar da? Amnistiaren aldeko talde berri bat sortu da panorama politikoan, amnistia da bide bakarra. J. Fernandez preso ohiak dio borroka armatua tresna izan dela, ez helburua. 250 preso eta iheslari ohik «ilusioaren» botoa eskatu dute EH Bildurentzat. Katalunia eta Euskal Herria, txanpon beraren bi aurpegi: aurkia eta ifrentzua, hain hurbil eta hain urrun edota hain urrun eta hain hurbil! Botere garbizaleari gaztetxeetan zapatak zikintzen zaizkiola dio M. Lujanbiok. Beldurra aldez aldatu nahi dute feminista batzuek. Jendarte erabat espainolizatua daukagula dio J. Azurmendik. Exodo masiboak etenik ez du, beldur atabikoa hedatzen ari da. Beti geldituko zaigu Paris, eta Siria eta Irak eta Afganistan eta Palestina eta Kurdistan eta... «Gerran gaude» esan du Frantziako presidenteak, zergatik eta zertarako ez dakigula gerran sartzen gaituzte gobernu ezberdinek. Europa osoan bezala Frantzian ere eskuin muturra gotortzen, xenofobia eta arrazismoa errotzen. Euskal herritarren aurkako epaiketek ez dute etenik, politikak judizializatua segitzen du. «Ikasi dut historia idazten ari garen aldiro historia egiten ari garela», A. Mendizabal. “Ametsen liburua”-k baztertuenen eta isilduenen hitzak ekarri dizkigu, J. Sarrionandiak esan bezala. Datorrena ikusgarria izango dela diosku P. Aristik. Zer nahi duzue esatea. Eszeptikoa naiz zentzurik filosofikoenean, dudak eta galderak dauzkat buruan. Errotondan bueltaka ibiltzearen sentsazio txar hori, badakizue. Ortzemuga aldatu ezin bada, alda dezagun ortzemuga begiratzeko modua. Ikasi ikasten. Heldu den urterako desiorik? Pettiren txoria ikusi dut leihoan kantari. Dudak eta galderak dauzkat buruan. Errotondan bueltaka ibiltzearen sentsazio txar hori, badakizue. Ortzemuga aldatu ezin bada, alda dezagun ortzemuga begiratzeko modua