GARA Euskal Herriko egunkaria

Leitzarrek sostengua adierazi diote herriko alkateari


Dozenaka lagunek Mikel Zabaleta Leitzako alkateari sostengua adierazi zioten astelehenean egin zuten agerraldian; izan ere, Auzitegi Nazional espainolean deklaratu behar du hilaren 21ean. Biztanleekin batera, Besta Batzordeak eta Leitzako eragileek ere babesa helarazi zioten alkateari.

Jaietako programan idatzitako agurrarengatik hiru delitu leporatzen dizkiote Zabaletari: «terrorismoa goraipatzea, prebarikazioa eta funtsak bidegabeki erabiltzea».

«Hemen bildu garenok ez dugu delitu zantzurik hartzen Mikelek agurrean egiten duen eskubide zibil eta politikoen defentsan, ezta ere pertsona ororen askatasunaren eta giza eskubideen alde egindako adierazpen xamurrean», nabarmendu zuten.

«Leitzan, aspalditik bakean bizitzeko hautua egin genuen eta horrelako prozedura judizialek tentsioa besterik ez dute ekartzen. Ez dugu inondik inora ere onartuko Leitzan bakoitzak bere iritzia emateko duen eskubidearen aurkako erasorik. Ez dugu onartuko ezta ere, Leitza eta bere ordezkariak behin eta berriz jomugan jarriz inor abantaila politikoak ateratzen saiatzea», gehitu zuten. Ostiralean elkarretaratzea egingo dute 20.00etan.

Burlatan ere bai

Antzeko inputazioekin Burlatako lau lagunek ere Madrilen deklaratu beharko dute bihar bertan, tartean Txema Noval alkateak. Hori dela-eta, Burlatako EH Bilduk gogorarazi du aspalditik ospatu dela jaietan presoen eskubideen aldeko ekitaldia.

Honekin, Burlatan izandako aldaketa kriminalizatu nahi dela salatu eta adierazpen askatasunaren alde egin zuen EH Bilduk, bihar 19.30ean Unzu plazan egingo den elkarretaratzera deituz.