GARA Euskal Herriko egunkaria

Konplize


Lanetik bueltan, irratiaren kulunka hertzianoen babesean, autoak eskaintzen didan zigor-gabetasun erabatekoan, hizketan nator neure buruarekin. Eguneko anabasa bere onera ekartzeko tartea dut, inorekin eta mundu guztiarekin ari naizen une hau. Buruan katramilatuta geratutako ideiak, ustezko aterabiderik ez daukatenak barne, konpontzen ditut. Energia berezi bat eskatzen du bakarrik aritzeak, deklamazio bortitz samarra, zeren eta bakarrik aritzeko arrazoiak beti izaten baitira grabeak. Errieta egiten ari natzaio baten bati, eta hizketaldian aurreratu ahala gero eta hobeto sentitzen naiz, hasieran esan nahi nizkion gauzak uste baino ordenatuago irteten ari zaizkidalako. Plazer handia eragiten dit egia (neurea, noski) gailentzen ari dela sentitzeak. Eta orduan jabetu naiz, aldameneko autoko gidaria begira daukadala. Hasieran pentsatu dut harriduraz ari zaidala begiratzen, bakarrik hizketan ari naizelako, baina gero ohartu naiz ezetz, halako konplizitatez ari zaidala so egiten, hiperenpatia gozo batez, hizketan bakarrik askotan egin duenak bakarrik egingo lukeen bezala. Ez diogu elkarri agur esan, hetxizoa hautsiko zelakoan, baina munduan gu bezalako asko dauden sentimenduarekin arrankatu ditugu autoak, nor bere bakartasunean, nor bere mundua konpontzeko ariketa umil eta (ez beti) intimoan.