GARA Euskal Herriko egunkaria

Joxe Lasa «Axeigorri» soinu jotzailea zendu da


Joan den astelehenean zendu zen Joxe Lasa Axeigorri soinu jotzailea. Oiartzungo Gurutze auzoko Axeigorri baserrian jaioa 1928. urtean, auzo bereko Altzi baserrira ezkondu zen eta bertan hil da 87 urte zituela.

Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik adierazi dutenez, bere osabarengandik ikasi zuen 8 urterekin hasita soinua jotzen, hark oparitu zion Hohner txiki batekin musikarako abila zela ikusita edo.

Gaztetan Oiartzun inguruko baserri-ezkontzetan eta erromerietan ibili zen batzuetan haren amak pandero jotzen lagundurik. Ezkondu ondoren, ordea, soinu jotzeari utzi zion urte batzuetan.

Helduaroan, berriz, familia dantzazalekoa izaki eta trikitixaren harrari ezin eutsita, berriz ekin zion soinu jotzeari. Bidasoko eta Oiartzun inguruko bileretan (erromerietan) egin zen ezaguna, eta Irungo Euskal Jiran urteetan ere parte hartu zuen.

Atzo eman zioten azken agurra Oiartzungo San Esteban elizan egindako hileta elizkizunean.