GARA Euskal Herriko egunkaria
LOTERIAN SARIDUNAK

EURO BAT JOKATUTA EDO ZORTZI DEZIMO IZANDA, POZEZ ZORATZEN!

NORBAITI ZORIONTASUNA ANTZEZTEKO ESKATUZ GERO, SALTOKA, ALGARAKA, GARRASIKA HASIKO LITZATEKE SEGURU. MALKOAK ERE LEHORTUKO LITUZKE. PASAI ANTXON EZ ZUTEN ZORIONTSU PLANTAK EGIN BEHARRIK IZAN ATZO, GARRASIAK BENETAKOAK BAITZIREN 22.654 LOTERIA ZENBAKIA ZUTENEN ARTEAN.


Gaur lasaiago, gorputzean pisu gutxiago izango balute bezala, esnatuko diren pasaitar ugari daude. Begiak zabaldu eta kontu korrontea nabarmen gizendu dela egia edo ametsa izan den galdetuko diote euren buruari. Lanera irribarretsu joateko edo ajea gainetik kentzeko eguna izango da gaurkoa. Izan ere, atzoko eguerdia pasatuta, San Ildefonsoko haurrek 22.654 zenbakia “kantatzen” zuten unean, Pasai Antxoko zenbait bizilagun ohiko tabernetara joan ziren. Zer eskatu zuten? Xanpaina, noski, loteria tokatu zitzaiela ospatu behar zutelako.

Krisiak gogor astindutako herria da Pasai Antxo, industria handikoa eta langilez betea. Egoera latzak pasatzen ari diren askorentzat bultzada ederra izango dira irabazi dituzten dezimoko 200.000 euroak, “El niño” edo Errege eguneko loteria zozketari esker.

«Hogeita bi mila seiehun eta berrogeita hamalauuu», kantatzen zuen neska gazte batek San Ildefonsoko haurren antzera, baina euskaraz, inoiz ahaztuko ez duten zenbakia goraipatuz. Kuadrillan, hogei lagunen artean, jokatutako txartela zuen. Hau da, bakoitzak euro bat jokatu zuen eta trukean 10.000 euro inguru irabazi dute. «Bidaia bat egiteko eta kotxea ordaintzeko nahikoa badugu», zioen xanpain kopa askatu gabe.

Alboan bazuen nabarmenki hunkitua zegoen gizon bat. «Honek bai izan duela zortea!», zioen neskak gizonari begira. Txartel bat zuela esan zuen, baina ez zekiela zenbat irabazi zuen. «200.000 euro», bota zion kazetari batek. «Joe, erori egingo naiz!», esan zuen txantxetan konortea galtzen ari zelako plantak eginez.

Poltsikoan diru kopuru hori izanik, umorea ezin falta. 400.000 euro tokatu zaizkion gizonak zer egingo du ba diruarekin? «Zuloak tapatu», erantzun zuen barrez beti esaten den topikoa dela jakinik. «Orain industria gutxi dago eta… ikusten duzu nola dagoen jendea», zioen norberaren eta bizilagunen zortea ospatuz.

Kaletik kopa eskuan zutela eta garrasika elkartzen ziren saridunak, elkarri muxuak eta besarkadak emanez. Diruak ez du zoriontasuna ematen, baina atzo Pasaiako kaleetan bizi zena zorion hutsa zen. Tabernei txartel saridunak saldu zizkien Patxi administrazioaren kanpoan ere –saltokian bertan ere banatu zituzten zenbait dezimo– xanpain festa zegoen.

Laket tabernak zorioneko txartelak administrazio horretan eskuratu zituen bere bezeroen artean saltzeko asmoz. Zenbakiaren beste hamar serie Donostiako Altza auzoko Arri Zar tabernan saldu zituzten, Pasai Antxoko administrazio beretik eramandakoak. Taberna horretako jabearen amak, Rosi Ayastuyk lau txartel zituen paparrean ezkutatuak. Hobe ondo gordetzea 800.000 euro balio duten paper zati horiek. Beste batzuek nahiago zuten oraindik kobratu ez duten saria galtzeko arriskua saihestea eta badaezpada kalera dezimoarekin atera beharrean, fotokopia erakusten zioten kamerari.

Prentsan, berriro

1969an Bilboko Larreategi kaleko 19. administrazioak lehen sariaren zati bat saldu zuen. Egunkari bateko portada gordetzen du jabeak oraindik, eta harro erakusten zuen jakinik gaur berriro prentsan aterako zela administrazioaren izena. Izan ere, bertan saldu zuten “El niño” zozketaren lehenengo sariaren parte txiki bat. «Oraindik ez dakigu dezimo bakarra saldu den edo bat baino gehiago», kontatu zuen saltzaileek, saridunak ez baitzuen loteria fisikoki erosi, sistema elektronikoaren bidez baizik.

Bigarren saria (60.755) Madrilen tokatu zen eta hirugarrena (95.395) ordea, Guardo herrian (Palentzia).