08 JAN. 2016 Cristina Iglesias eskultoreak jasoko du 2016ko Urrezko Danborra hilaren 20an Hiritar Merezimenduaren Domina honakoek jasoko dute San Sebastian bezperan: Itzurun elkartea, Juan Ojanguren Ulacia medikua, Katxalin elkartea, Nazaret ikastetxea eta Chernobil elkartea. GARA DONOSTIA Astelehenean Udalbatzak baieztatzea falta da, baina dagoeneko jakinarazi ditu Donostiako Udalak San Sebastian egunean eta bezperan Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko dituzten pertsona eta elkarteen izenak. Donostia Turismo elkarteko administrazio kontseiluak proposatuta, Cristina Iglesias eskultoreari emango diote danborra; dominak, aldiz, honakoei: Itzurun elkartea, Juan Ojanguren Ulacia medikua, Katxalin elkartea, Nazaret ikastetxea eta Chernobil elkartea. Iglesias Donostian jaio zen 1956an. Eskultura eta grabatuen arloetan osatu du bere ibilbide artistikoa. Espainiako Arte Ederretako Sari Nazionala jaso zuen 1999an eta Grosse Kunstpreis Saria Berlinen 2012an. Nazioartean proiekzio handienetakoa duen euskal artista dela nabarmendu zuen Udalak. Argi eta garbi Eneko Goia alkatea pozik agertu zen Urrezko Danborra Cristina Iglesiasi emateko erabakiarekin. «2016an, kulturari zuzendutako urte honetan, argi eta garbi ikusi dugu mota honetako artista honi bere hirian errekonozimendua egitea», adierazi zuen atzo. Eskultoreak Zientzia Kimikoak ikasi zituen EHUn (1976-1978) eta ondotik Bartzelona, Londreseko Chelsea School of Art-en eta New Yorkeko Pratt Institute-n garatu zuen bere artea. Udalak azaldu duenez, bere artelan eta instalazioek «eskulturaren kontzeptua eraldatu» dute, bai erabiltzen duen hizkuntza artistikoarengatik eta bai landutako materialengatik. Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, izanen da Urrezko Danborra emateko ekitaldia Donostiako udaletxean. Bezperan, 19an, Hiritar Merezimenduaren dominak banatuko dituzte. Atzo goizean onartu zituen Udaleko Bozeramaileen Batzordeak proposamenak. Gaur Gobernu Batzordeak onartu behar ditu eta astelehenean, Udalbatzak. Sarituetako bat Itzurun elkartea da, Donostiako Erraldoi eta Buruhandien Udal Konpartsaz arduratzen dena. Beste bat Juan Ojanguren Ulacia, Parte Zaharreko osasun etxean hainbat urtez aritu den familia medikua, duela gutxi erretiratua, «bokazio handiko profesionala eta gizatasun handikoa», Udalak azpimarratu zuenez. Katxalin bularreko eta ginekologiako minbiziak eragindako emakumeen elkarteak ere jasoko du errekonozimendua. Honek gipuzkoar jendarte osoarentzat lan egiten du, erakunde, administrazio eta ikerketa institutuen laguntzarekin. Nazaret ikastetxea, aurten ehun urte beteko dituena, eta Chernobil elkartea ere dominarekin eskertuko dituzte. 30 urte izango dira aurten Txernobylgo hondamendia gertatu zenetik eta hogei urte bertako jendeari laguntzeko elkartea sortu zenetik. BERRESPENADonostiako Udalbatzak berretsiko ditu, asteleheneko ezohiko bileran, Urrezko Danborrerako izendapena eta Hiritar Merezimenduaren Dominarako proposamenak.