GARA Euskal Herriko egunkaria

Berangoko sutea ikertzen ari da Ertzaintza, nahita piztutakoa izan zelakoan

Abenduan piztu zen sutea Berango eta Sopela artean, berrehun hektarea kiskaliz. Bizkaiko Aldundiak beste hipotesiak baztertu egin ditu eta «delitua izateagatik» Ertzaintzaren esku utzi du gertakariaren ikerketa.


Nahita piztua izan zelakoan, Ertzaintza ikertzen ari da iragan abenduaren 27an Berangon izandako sutea. Sugarrek berrehun hektarea erre zituzten, gehienak lurzoru pribatukoak. Hala adierazi zuen atzo Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Iturri berberen arabera, beste aukerak baztertu egin dira, alegia, arrazoi naturalak tarteko piztu zela sutea. «Ez da utzikeriarik egon eta ez zen piztu zezakeen tximistarik egon». Ez zuen, hala ere, datu gehiago eskaini «delitua izateagatik Ertzaintzaren esku dagoelako», azaldu zuen.

Kaltetutako lurzoru gehiena pribatua dela ere esan zuen Unzuetak eta batez ere eukaliptoa eta pinuak izan zirela kaltetutako espezieak. Larreak ere erre zituen suteak, baita arteak, gurbitzak eta haritzak ere.

Unzuetak Aldundiaren aldetik «utzikeriarik» egon ez dela esan arren, bezperan inguruko bizilagunek kontrakoa salatu zuten, erakunde publikoek mantentze lanak behar bezala ez dituztela bete, hain zuzen.