14 JAN. 2016 Euskara hutsean jardungo den lehen haurtzaindegia zabaldu dute Zuberoan GARA MAULE Xübükota du izena eta zazpi haur eta bi zaintzailerekin zabaldu zituen ateak urtarrilaren 4an. Maulen dago eta Zuberoan haurrak euskara hutsez artatuko dituen lehen haurtzaindegia da. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskaintzen dute, goizeko 7.30etik arratseko 18.30era. Haurtzarotik beren seme-alabei euskararen transmisio egokia ahalbidetzeko zituzten zailtasunek bultzatuta, bada urte bat baino gehiago Ttipi Ttapa elkartean batutako sei gurasok proiektua abiatu zutela. Ametsa gauzatu da orain eta 100 metro koadroko lokalean beren haurrak euskara hutsean zainduko dituzte. «Crowdfunding» Haurtzaindegiak duen estatus juridikoa medio –Etxe Haurtzainen Etxea– laguntza publikoak Familien Laguntza Kutxatik (FLK) jasoko ditu, baina lurralde zuberotarraz arduratzen dena Biarnoko eremu administratiboan izaki, ez dute Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarik ukanen, Paueko FLKk ez baitu hitzarmenik harekin. Hala, Karena.eu webgunearen bidez, crowdfunding kanpaina bati ekin zioten iragan asteburuan materiala eta ekarpen ekonomikoak eskuratzeko. Kanpaina zinez arrakastatsua izan da, 3.000 euro biltzea zuten xede eta, orotara, 4.050 euro lortu baitituzte.