GARA Euskal Herriko egunkaria

Kale-izenak


Belfasteko kale-izenetako asko jatorriz irlandarrak direla azaldu zigun hiriaren iragan politikoaren gune garrantzitsuenetara lagundu gintuen gidak, nahiz eta askok ingelesez ahoskatu ohi dituzten. Txangoaren ostean eraman gintuen tabernan stout bana edaten ari ginela bota zuen gaia. Ingelesek hala egitea, tira, neurri batean ulergarria zitzaion, nahiz eta ahalegin pixka bat egin zezaketen izenok jatorrizko forman ahoskatzeko. Ingeles bati edo hizkuntza hegemoniko batean aritzen den edonori halakorik eskatu eta erantzun baikorrik jasotzea zaila da, baina ez ezinezkoa.

Gauza bitxiagorik ikusita zegoen gure gida eta sinets iezadazue, eskarmentu handiko pertsona da bera. Tokikoek modu berean jokatzea, ordea… hori ezin zuen buruan sartu. Semearen bitartez Irlandan jaio eta hazitako hainbat gazte ezagutu zituen kale-izenen jatorria beraren bitartez ikasi zutenak. «Unibertsitateko ikasleak, aizu!», esan zigun «unibertsitate» hitza ondo azpimarratuz, kontuaren larritasuna argi uztearren. Semeak, ordea, txikitatik agertu zuen tokiko historiarekiko interesa. Harro mintzo zen hari buruz. Txikitatik irlanderaz egin zituen ikasketa guztiak, eta orain ere, unibertsitatean irlanderarekin jarraitzen zuen. Ordu batzuk lehenago, txangoan, kale erdian geldiarazi gintuen zoruan begiz jotako hogeita bosteko txanpona jasotzeko. «Semearen unibertsitate ikasketak ordaintzeko aurrezki potorako», bota zuen txanpona poltsikoan gordetzearekin batera.