19 JAN. 2016 Ostiralean abiatuko da Nafarroako taldekako bertso ekimena GARA IRUÑEA Ostiralean abiatuko da Lizarran, Donamarian, Barañainen eta Beran Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren hirugarren edizioa. Martxoaren 19an Etxarri Aranatzen izango da finala eta tarte horretan 23 saio antolatuko dira. 16 taldek hartuko dute parte, guztira 121 parte hartzailerekin. Horietatik 71 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, eta 20 kidek publiko aurrean lehenengoz kantatzeko pausoa emango dute. Gutxienez bost kidez osatutako taldeak dira: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hasieran ligaxkaren ondoren, bigarren fasea sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da.