GARA Euskal Herriko egunkaria

EAEko ikastetxeetan astelehenean zabalduko da aurrematrikulazio epea

Etzi zabalduko da EAEko 700 ikastetxetan (455 publikoak) datorren ikasturteko matrikula egiteko epea. Otsailaren 4ra arte egin ahalko da tramitea online; aurrez aurre, aldiz, hilaren 5era arte.


Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak atzo iragarri zuenez, EAEko 700 ikastetxetan (455 publikoak dira) aurrematrikula egiteko epea etzi zabalduko dute, urtarrilaren 25ean. Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten familiek otsailaren 5era arte dute izena emateko aukera, tramitea ikastetxean bertan egiten badute; eta otsailaren 4ra arte, online eginez gero. Izan ere, aurrematrikula prozesu osoa Internet bidez egiteko aukera dago. «Bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute eta dokumentuak eskaneatuta bidali», atzo zehaztu zutenez.

Cristina Uriarte buru duen sailak jakitera emandako datuen arabera, Haur Hezkuntzan (bi urtetik aurrera) 532 ikastetxetan (321 publiko) izango da aurrematrikula egiteko aukera, eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloari dagokionez, 543 zentrotan (321 publiko). Era berean, Lehen Hezkuntzan ikasteko plazak izango dira 532 ikastetxetan (329 publiko), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 330 ikastetxetan.

Bestalde, aurtengo aurrematrikulazio kanpainan kontuan hartu beharreko ohar bat egin dute. Azaldu dutenez, «erroldatze egiaztagiria okerreko eran» erabilia izan dela frogatzen bada, esleitutako plazaren galera izango da ondorioa. Baldintza hori aurten argi utzi nahi izan dutela esan zuen Uriartek, «pikareska» erabiltzeko asmoa dutenei «burutik kentzeko». Horrekin lotuta, tresna berria eskainiko dutela zehaztu zuten «helbide-gertutasunagatiko baremoaren puntuak» kontsultatzeko. Erabiltzaileak bere helbidea idatz dezake aplikazioan eta «bere hurbileko ikastetxeak erakutsiko dizkio, mapa baten gainean kokaturik».

Otsailaren 16an eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira; hilaren 25ean, «behin-behineko zerrendak», eta martxoaren 9ra arte erreklamazioak jasoko dituzte.