25 JAN. 2016 Iparra galdu baik Surflari Ernegatua Bukowsky ez zen edaten zuen poeta, idazten zuen mozkorra baizik. Michael Peterson ez zen eskizofrenia zuen surflari profesionala, surf egiten zuen eskizofrenikoa baizik. Miki Dora ez zen artea maite zuen itsasgizona, olatuak marrazten zituen artista bat baizik. Eta surflariok ez gara paso egiten dugun herritarrak, herriaz paso egiten dugun pasotak baizik. Kontuz, ez dira nahastu behar subjektua (Bukowsky) eta atributua (mozkortia), irizpideak zehazteko bitarteko nagusia baitira, eta hauek garbi izanda, ez da iparra galtzeko beldurrik. 90eko hamarkadan, gazteen artean zen erreferente bakanetakoa Jarrai erakundea zenean, baziren ia edozein gaztek gure egiten genituen irizpideak eta pasa ezin ziren marra gorriak; «Polizia beti txarra da, ez dago salataria baino gauza okerragorik, musu truk lan egiteak kontzientzia sortzen du, antolatzeak pertsona gisa hazten laguntzen du, militantziak bestela agertuko ez liratekeen baloreak garatzen laguntzen du, pasotak sistemaren soldaduak dira», eta abar. Horrela, buruan olatuak baino ez genituen surflariok, noski, garaiko gazteentzat eredu eskasa ginen. Sasoi hartan ordea, aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen Euskal Herriko surflarien komunitatean, Algorta inguruan, Jarraikoak surf egiten hasi ziren. Batzuk surf egiten zuten jarraitxuak ziren, eta besteak, Jarrain sartu ziren surflariak. Honek surflarien ohiko irudiarekin talka egiten zuen eta ordura arte nagusi ziren ustezko hippie “apolitikoak” deseroso ziren. Tribuaren nortasun klasikoa kolokan zela sentitu zutenean aktiboki “paso egitea” aldarrikatu zuten. Azken hauen eredua nagusitu zen, baina garai hartan surf mundutik aldentzeko zailtasunak genituenentzat haize freskoa izan zen Algortatik etorri zena, lehen egin ezin genituen gauzak egin genitzakeela ikusi baikenuen. Nire kasuan, adibidez, surflaria izan arren, hardcore talde batean baxua jo nezakeela ikusi nuen. Isekak iseka, kontzertu batzuk egin genituen eta jende bikaina ezagutu ahal izan nuen. Ordutik, soilik osasunak erauzi ahal izango dizkidan oroitzapenak ditut. Baina bada haien artean bat, gaur zuekin partekatu nahi dudana. Ez dakit zein urte izango zen, aspaldiko kontuak dira. Kontzertua Ondarroako pizzeria batean zen, sarreran zintzilik panpina puzgarri lizun bat zegoen, baita esku artean pizza moduko ostia erraldoi bat zuen aita santuaren irudia ere. Pizzeria haren jabea, alegia, kontzertua antolatu zuena, Ibon Iparragirre zen. Instituzioek preso daukaten hiltzailea, edo hiltzaileek preso daukaten instituzioa? Surflariak izan arren hardcore taldea egingenuen. Ondarroako pizzeria batean zen kontzertua eta antolatzailea Ibon Iparragirre zen. Instituzioek preso daukaten hiltzailea, edo hiltzaileek preso daukaten instituzioa?