GARA Euskal Herriko egunkaria

Bilboko Arte Ederren Museoak ere gogoan du Gaur taldea

Bere bilduma propioko 73 artelanek osatzen dute apirilaren 25a arte Bilboko Arte Ederren Museoak ireki duen erakusketa. Zortzi artistak sinatuak dira lanak, Gaur taldea osatu zuten zortzi izen handienak. Bilbokoa Donostiako San Telmon dagoen erakusketari gehitu zaio.


Oteiza, Amable Arias, Balerdi, Basterretxea, Chillida, Mendiburu, Sistiaga eta Zumeta. Denek bat egin zuten Gaur taldearen sorreran. Bilboko Arte Ederren Museoak gogoan ditu taldearen 50. urteurrenean.

Museoaren bilduma propioko 73 piezak osatzen dute “1966 Gaur Konstelazioak 2016” izeneko erakusketa. Donostiako San Telmo museoan dagoen erakusketarekin batera, Kultur Hiriburutzaren karietara antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da. San Telmok sei lan utzi ditu apirilaren 25a arte zabalik izango den erakusketarako.

Lanik gehienak Balerdirenak dira, 21 –margoak eta klerak–. Izan ere, Arte Ederren Museoak margolariaren 2.380 artelan ditu bere bilduman. Horiekin batera, Oteizaren 18 eskultura; Chillidaren 20 lan –17 eskultura eta 3 marrazki–; Basterretxearen margo bat eta marrazki bat; Amable Ariasen bi margo eta marrazki bat; Mendibururen lau eskultura; Sistiagaren margo bat eta Zumetaren bi margo ikus daitezke erakusketan.

Javier Viar museoaren zuzendariak atzoko aurkezpenean argitu zuenez, Gaur taldeak hiru urteko ibilbidea egin zuenez, karrera osoan burututako artelanez osatua da erakusketa.

«San Telmo museoko zein Arte Ederren Museoko erakusketen bitartez duela 50 urte euskal artearentzat bide garrantzitsua ireki zuen artista taldearen jarduera aldarrikatu nahi da», azaldu zuen Pablo Berasteguik, Donostia 2016ko zuzendariak.

«Beharrezko ikusi genuen ez bakarrik Gaur taldearen aldeko aldarrikapena egitea, baizik beste herrialde batzuetako taldeak ere gogoan izatea, Emen (Bizkaia) eta Orain (Araba). «Fernando Golvano komisarioak sortutako konstelazioaren ideiaren azpian sare bat eraiki da. Horri esker zortzi artista handi haiek 1966ko apirilean batu eta egin zuten lana irudikatzeaz gain gaur egunera ekarri da beren lanik garaikideena», adierazi zuen Berasteguik.