08 FéV. 2016 D EZ NAGIRIK EZ ITSATSITAKO MAINDIRERIK, JAIKI, JAIKI TOLOSA! GAUAK EGUNARI PASO EMATEN DION UNEAN BERTAN PIZTEN DIRA TOLOSAKO MESANOTXEETAKO ARGITXOAK. ZALDUNITA DA, IGANDEA, 07.30AK. OHETIK SALTO EGIN ETA PIJAMA ERANTZI GABE, OSAGARRI KOLORETSUAK SOINEAN BADOAZ SALTOKA DIANARA. MUSIKA BANDAZ LAGUNDUTA, FAMILIA ETA KUADRILLEK ESNATU DUTE HERRIA. Oihane LARRETXEA Egunak ez du argitu, eta zirimiri lotsati bat ari du goitik behera. Gaua da, edo hala dirudi behintzat, baina ez dago nagirik ezta asteburuetan gorputzera itsasten den maindire zuririk ere. Etxeetako iratzargailuek jo bezain pronto salto egin dute tolosarrek ohetik, ileordea jantzi, bibote bat margotu eta kalera, Alde Zaharrera. Etxetik abiatu eta berehala ohartzen da bat ez dela “zoro” gutxi batzuen kontua. Gorriti plaza da dianaren abiapuntua eta herritarrak gerturatzen doazen neurrian hamarnaka, ehunka lagunek egiten dute topo bidean. Urduritasuna, irriak, festa gogoa . 08.00ak, eta eztanda egin du festak. «Jeiki, jeiki ohi hortatik gaur tolosarrak, inauteriak beti alaitzen gaitu guztiz!». Lehen soinuak entzutean sentitzen da oilo ipurdia eta saihestezina da saltoka jartzea. Udaletxeko plazarantz doa dantzan jendetza, ezinezkoa zenbat herritar bildu diren zenbatzea, baina kalea erabat hartuta dago. Pijamen koloreek ematen diote edertasuna uneari, baita musikak eta eskuz uki daiteken umore onak, baina badu zerbait berezia dianak: familiak, haurrak, kuadrillak, gaztetxoak, helduak biltzen dituela. Ama batek kontatzen du nola 6 urteko alabak ez duen lorik egin: «Nahastuta ibili da, urduri, ohean bueltaka. Ea kalera jaisteko unea zen behin eta berriz galdezka». Eta albornozak anorakik onenak bailiran, inork ia ez dio erreparatu euria ari duela. Primeran datoz baita ere askok “atrezzoa” osatzeko soinean dituzten dutxarako txanoak. Berotzeko dantza egitea baino ez dago. Tolosako musika bandak Udaletxeko plaza atzean utzita Kale Nagusia hartu du, eta bidean kuadrilla batzuk dagoeneko gelditu dira eguneko bigarren ohitura betetzeko: gosaria. Tabernak hasi dira martxan, kafesne, txokolate bero eta gozoak zerbitzatzen. Bihotz ausartenentzat, ardo goxoak hartzeko ordua ere bada. Hala egiten dute urtero babarrunak baino tolosarragoak diren gazte kuadrilla bateko kideek. Eta kafesneak barruak goxatu dituenean, eta ardo goxoa barrena berotzen ari dela, pixkanaka jendeak hartu du erretiroa, etxeratu eta mozorrotzeko garaia baita. Mozorro eta antzerkiak Jendea aho zabalik uzteko gaitasuna dute tolosarrek –DNAn ote dute?–, modu naturalenean gainera, ideia sinple batetik proposamen apartak egiteko gai direlako, dibertigarriak, barrea eragiten dutenak. Eta hortxe dago gakoetako bat, mozorroan edo antzeztu beharreko horretan –performanceak oso gustuko dituzte– diru asko gastatu beharrik ez izatea. Kuxkuxeatzera bertaratutako askoren arreta, hain juxtu, kazetari lanak egiten ari den kuadrilla batek bereganatu du. Etxean kartoiekin egindako kamera eta mikrofonoak lagun, albotik pasatzen den oro galdekatzen aritu dira. «Egia al da diotena?», galdera abiapuntu hartuta, elkarrizketatua izateko prest den ororekin hizketan aritu dira, tartean hainbat pertsonaia famatu. Kantari flamenko batek bularretako ebakuntza egin izanaren esklusiba eman du gazteon mikrofonoetan, baina, Justin Bieberrek, aldiz, ez du hitz egin nahi izan. Nahikoa lan badu lepotik zintzilikatutako jarraitzaileak gainetik kentzen! Justini Tolosara Zaldunita egunez mozorrotuta joan beharra dagoela esateko gogoz gelditu gara...