GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Eltxoak pentsaeran zizt!


Kosmosa ulertzeko beste ate bat ireki omen denean, unibertso hartatik ikusita hemen den Lurra mikrokosmosean gero eta ate gehiago ari dira ixten. Grabitazio uhinena iragarri zuen hark beste gogoeta batzuk ere utzi zituen mahaian. Hara, berea ei den esaera hau: ezin da arazo bat konpondu bera sortu duen pentsaera beretik. Itsaso desberdinetako nabigatzaileentzako abisua. Kloaka uretan direnek ez lukete inoiz ulertuko esaeraren muina; hobe, segi dezatela arnasa han hartzen, sozializatu gabe.

Arazoak konpondu bai! Baina, berez, arazoak ez dira arazo izaten, arazoek sorburu duten pentsaera da benetan arazo. Beharbada, horregatik dago han-hemengo ezkerra dagoen lekuan, ate berriak parez pare zabaltzeko dorpetua, mugikortasun mugatuan, inertzia hanketan baino gehiago burmuinean. Hortaz, utzi ditzagun uhinak kanpoko kosmosean bakean, beren erabakiak propio hartzen, eta hartu dezagun Lurreko grabitatea bidaide lurraren erdirako bidaian. Lurra bai; izan ere, hankak lurrean behar ditugula esatean bada zementuan behar ditugula pentsatzen duenik: ez hankarik, ez bururik. Pentsaera, berriro ere. Ama, ama!

Tira, harira! Demontre! Ez dakit zer birus klase izan daitekeen hori, baina eltxoren batek ekarri eta zizt! Euskal Herria modu batean edo bestean, ezker edo esker, ahoan dutenen larruan egin du zizta. Eta hara! hortxe denak gogoeta prozesuetan, abian! Gogoetak pentsaeran eraginik baleuka, gaitz erdi!

Dena dela, batzuk uda atarian konklabean bilduko; ate berriak zabaltzeko, espero. Beste batzuk asteburu honetan bertan nafar lurrean bilduak, eraikuntza nazionalari so, edo. Kontuz! Txikitan Gaztelan ibiltzen nintzen eta astoei «so» esaten genien! Eta «arre» abian jartzeko! Hortaz, bertsolariak zioenez, sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltxoa!