02 MAR. 2016 Ekialdera begira jarri da Iparra-Hegoa, Kataluniako prozesua ardatz hartuta Hiru elkarrizketa-mahai eta ekitaldiz jositako asteburua izango dituzte martxoaren 7tik 13ra Seguran eta Urruñan, Euskal Herria hobeto ezagutzea xede, Iparra-Hegoa elkarteak antolatuta. Xutik taldeak, Amets Arzallusen hitzekin, abesti bat sortu du ekimenerako. Dernière mise à jour : 02 MAR. 2016 - 06:35h G. M. ZUBIARRAIN baionA Euskal Herria eta Katalunia «elkarri begira» jarriko ditu martxoaren 7tik 13ra Iparra-Hegoa elkarteak Seguran eta Urruñan. Horretarako, lehen mailako eragileak bilduko dituzte mahaiaren bueltan Goierriko herrian, Kataluniako independentzia prozesua hizpide harturik. Victor Terradellas (CDC), Joan Tarda (ERC) eta David Fernandez (CUP) ariko dira solasean martxoaren 7an, Martxelo Otamendi kazetaria gidari dutela. Biharamunean, berriz, Kataluniako prozesuan giltzarri izan diren herri mugimenduetako, ANC, Omnium eta Sumate-ko, kideen txanda iritsiko da. Hirugarrenik, martxoaren 9an, gogoetaren fokua tokiz aldatu eta euskal eragileei emango zaie hitza Enekoitz Telleria kazetariaren eskutik; EAJ, Sortu, EH Bai eta Gure Esku Dago mugimenduko ordezkari bana izango dira. Segurako kultur etxean burutuko dira hiru eztabaidak. Kulturaz zubigintzan Urruñan emango zaio, hala ere, aurtengo ekimenari hasiera, Anje Duhalde kantariak Xaia ostatuan eskainiko duen kontzertuarekin; etzi izango da. Hain zuzen, hori da topaketon ezaugarrietako bat, Urruñan eta Seguran ekitaldiak antolatuz Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubigintzan aritzea. Hori erdiesteko, Oztibarre eta Arberoako ikastoletako haurrek bi eguneko egonaldia egingo dute Segurako eskolan. Zentzu berean, Ipar Euskal Herrian uneotan puri-purian dagoen Xutik taldeak abestia sortu du Iparra-Hegoarako, Amets Arzallus bertsolariaren ekarriarekin, hark idatzi baititu «Gare gera gire» kantaren hitzak. Martxoaren 12an eta 13an, Kataluniako ordezkaritza bat iritsiko da Segurara. Kataluniarrek castella egingo dute larunbat horretan plazan. Ondoren, herri kirolak izango dira eta gauean, dantzaldia Iñazki lapurtarrekin. Igandean, bestetik, kale animazio ugari ibiliko da herrian batera eta bestera goizean goizetik. Ekitaldi nagusia, ordea, euskal herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen «Gereziondokoa» izango da, kantu, musika, sardana-dantza, irrintzi eta hitz hartze artean burutuko dena. Ondotik, herri bazkaria eta mutxiko dantzak etorriko dira aurtengo saioa bururatzeko. GEREZIONDOKOA Euskal herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia izango da ekimenaren une nagusietako bat. Martxoaren 13an, 14:00etan, egingo da kantu, musika, sardana-dantza, irrintzi eta hitz hartzeak tarteko, Seguran.