07 MAR. 2016 Debagoiena hasi da sinaduren «haziarekin» erabakia ereiten Debagoienan herritarren %10 baino gehiagoren sinadura behar dute ekainean erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketa egin ahal izateko. Horrek esan nahi du 6.500 sinadura behar dituztela. Horiek biltzen larunbatean hasi ziren Erain Debagoienaren ekimenez eta uste baino hobeto abiatu da ahalegina. Jai giroan ospatu zituzten herrietako aurkezpenak, eguraldi kaskarra izan zuten arren. Sarean zabaltzeko asmoz, #Nikbeerain traola ere sortu dute. Dernière mise à jour : 07 MAR. 2016 - 10:21h GARA BERGARA Uste baina indar gehiagorekin hasi da Erain Debagoiena ekimenak martxan jarritako sinadura bilketa. Gure Esku Dagoren baitan otsailaren amaieran osatu zuten ekimenak ekainaren 12ko herri galdeketari bidea zabaltzea du helburu. Debagoieneko herrietan sinadurak biltzen larunbatean hasi ziren. Aretxabaletan izan ziren goiztiarrenak: 11.00etarako Arkupe kultur etxearen inguruak lepo zeuden, barrura sartzeko zain baitziren herritarrak. Ekitaldia hastean, 50 pertsona inguruk zutik gelditu beharra izan zuten leku librerik ez zelako gelditzen. Maider Garaik eta Jabier Markosek egindako aurkezpenean Aramaioko bizilagunek izandako ideiari heldu zieten aretxabaletarrek ere eta #Nikbeerain traolarekin selfie-ak egiteko proposamena luzatu zuten. Aramaion, Sastiña aretoan ekimenaren berri eman ostean, herritarren argazkia atera zuten. Ondoren, traolarekin selfie-ak atera eta atera ibili ziren. Asko euren argazkia Twitter sare sozialera igotzera animatu ziren. Ondoren, jendeak sinatzen zuen bitartean, trikitiz lagundurik mokadutxo bat jateko aukera izan zuten bertaratutakoek. Zuhaitz bat plazan Eskoriatzan aurreikusitako giza katea egiterik ez zuten izan euria zela-eta. Hala ere, gogotsu jarraitu zuten aurkezpenarekin, jai giroan. Plazatik Zaldibar aretorainoko ibilbidea trikitilariekin batera egin zuten. Aitor Agiriano izan zen aurkezlea eta Gure Esku Dagok aurten emango dituen pausoak azaldu zituen. Txalaparta soinua lagun, aurreko astean Arrasaten egindako Erain Debagoiena plataformaren aurkezpenean izan ziren lau herritarrak izan ziren sinatzen lehenak, eta, ondoren, hautetsontzi erraldoi batean boto sinboliko bat sartu zuten. Haien atzetik gainontzeko bizilagunak pasatu ziren mahaietatik sinatzera. Bergaran, EAJ, EH Bildu, Irabazi eta Podemoseko udal ordezkariek egin zuten ekitaldia, Orixondo plazan. Ehunka lagun elkartu eta haritz bat landatu zuten. “Jende zoriontsua herri libre batean” lema daraman oroigarria jarri zuten alboan. Bergaran azoka eguna zela-eta, sinadura bilketari bertan ekin zioten. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, izan ziren azokara joan eta ekimenaren berri ez izan arren sinatzea erabaki zutenak, baina, gehien-gehienak espresuki horretara joan ziren, «herritarrek ekimenaren berri badaukaten seinale». Arrasaten 12.00etan hasi zuten aurkezpena herriko plazan, eguraldia ateri zegoen unea baliatuta. Jatorriz Nikaraguakoa den Veronica Rios bizilagunak hartu zuen hitza: «Urteotan prestatu duzue lurra, giza katean eskutik helduta, kolore askotako haziekin, mosaiko erraldoia osatu eta sarea josi duzue, zabala eta sendoa. Sinetsi egin dugu: gure esku dago. Orain oihu bat entzun da ozen lur hauetan: Erain Debagoiena, erabakitzera goaz. Gaur hemen ereiaroa ospatzen dugu. Zure sinadura da hazia. Guztion arteko lanak ureztatuko du, eta bozkatzeko aukera da etorkizun hurbilean fruitua emango digun lorea. Askatasunean erabakitzeko eskubidea nahi badugu denon sinadura beharrezkoa da». Ondoren gaztelaniaz egin zuen aurkezpena Andre Azurin filipinar jatorriko arrasatearrak. 6.500 sinadura behar dira Debagoienan ekainaren 12an egin nahi dute herri kontsulta, baina hori aurrera atera ahal izateko beharrezkoa da biztanleen %10 baino gehiagok sinadura ematea. Hau da, 6.500 sinadura lortzea guztira. Arrasaten otsailaren amaieran egin zuten aurkezpenean esan bezala, orain ereiten dituzten haziak loratzen direnean, «uzta jasotzea» izango da azken fasea. Egun hori galdeketaren eguna izango da, non eskualdeko herrietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango duten. Galdeketaren sustatzaileen xedea harik eta partaidetza altuena lortzea da. HERRIZ HERRI Ekainaren 12an herri kontsulta egin ahal izateko sinadura bilketa martxan jarri dute Aretxabaleta, Aramaio, Bergara, Eskoriatza, Arrasate eta Leintz Gatzagan. Oñati eta Elgetan ere laster hasiko dira.