GARA Euskal Herriko egunkaria

Ailletek tokiko hedabideei eta diputatu bati egotzi die azken polemikaren ardura


Bere barrutiko eliztarrei zuzendutako gutun pastoral luze batean urtarrilean abortuari buruz idatzi zuen txioaren ondotik sortutako polemikaren ardura bertako hedabideei eta gaia Asanblea Nazionalera eraman zuen euskal diputatu bati [Colette Capdevielle] leporatu die Marc Aillet Baionako gotzainak.

«Hori gabe nire esanak oharkabean pasatuko ziren», adierazi du aferak «jazarpen mediatikoaren» itxura hartu duela gaineratuta.

Horren ondoren bideo batean argitu zuen bezala, bere asmoa ez zela abortatzen duten emakumeak «errudun» egitea, «larria den ekintza bat nabarmentzea» baizik, berretsi du gutunean. Txioa ez zela ondo ulertu eta «minduta sentitu direnei barkamena» eskatzen die. «Arduragabekeriaz» jokatu izana egotzi dioten ingurukoen eta Presbiteroen Kontseiluko kideen kritikak onartzen dituen arren, ez du uste jasan duen «gorroto uholdea» justifikatzen denik.

Ailletek «jaiotzeko eskubidearen» defentsa egiten segituko duela eta Aita Saindua iritzi berekoa dela gaineratu du.