12 MAR. 2016 Enplegu duinerako funtsa proposatu du EH Bilduk GARA GASTEIZ Langabeziaren eta lan prekaritatearen ondorioz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako milaka familiak bizi duten egoera latza kontuan hartuta, EH Bilduk 500 milioi euroko funts berezia sortzea proposatu du Gasteizko Legebiltzarrean, arazo horiei aurre egiteko. Belen Arrondo eta Iker Casanova legebiltzarkideek mozio bat aurkeztu zuten atzo, «borroka horretan Jaurlaritzak ahalmen osoa erabiltzea nahi» dutelako. Funtsarekin kontratazio publikoan prekaritatea desagertzea nahi dute. Agertu zutenez, eremu horretan 55.00o langile inguru daude eta horietako askok 12 orduko lanaldiak dituzte, orduko 5 euroko soldatarekin. Halaber, emakumeen prekarizazioa gainditzeko neurriak finantzatzea eta pizgarrien politika masibo baten bidez gazteen kontratazioa sustatzea da asmoa. Defizit muga malgutuz Koalizio abertzaleak defizit muga malgutuz finantzatu nahi du funtsa. «Defizit muga eta zorpetze maila malgutzeak baliabide ekonomikoak emango lizkioke Jaurlaritzari», defendatu zuen. Eta gehiago zehaztu zuen: «Zorrotz bete ordez gure defizit muga Estatuak batez beste duen defizitaren pare ipiniko bagenu, Lakuak ia 600 milioi gehiago izango lituzke bere kutxan». Ildo horretatik, Casanovak eta Arrondok adierazi zuten hautu politikoa dela troikak ezarritako muga betetzea ala ez. «Une honetan askoz garrantzitsuagoa da, askoz urgenteagoa, okerren dauden herritarren beharrak asebetetzea banka handiari zorra ordaintzea baino». Lakuaren ardura EH Bilduk Legebiltzarrak proposamena babestea espero du «egoera oso larria delako eta botere publikoek, Jaurlaritzak kasu honetan, badutelako zer egin konpontzeko». Urkulluren exekutiboak duen ardura nabarmendu zuen, «lan prekaritateari eta enpleguari erantzun egokia eman beharrean arazoa larriagotu duelako». Osakidetzan 3.000 lanpostu eta Hezkuntzan beste 1.600 galdu izana jarri zuten adibidetzat. 500 MILIOI EURODiru horrekin «kontratazio publikoan baldintza duinak bermatu, emakumeen diskriminazioaren aurkako neurriak hartu eta gazteen kontratazioa sustatuko lirateke». 155.000 LANGABEAraban, Bizkaian eta Gipuzkoan 155.000 lagun daude langabezian. 50.000 familiatan baino gehiagotan kide guztiak daude lanik gabe. Gazteen artean ia %40koa da tasa.