GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk Otegi lehendakarigai proposatuta, oinarriek erabakiko dute

EH Bilduko zuzendaritzak Arnaldo Otegi proposatuko du lehendakaritzarako hautagai izateko, bihartik aurrera izango diren herri batzarretan. Oinarri sozialek beste hautagai batzuk aurkezteko aukera dute, eta beste bi gai ere jorratuko dituzte, hots, eskaintza politikoa gaurkotzea eta gizartearekiko harreman sistema egokitzea.


Bihartik aurrera EH Bilduko oinarri soziala herri batzarretan parte hartzera deituta dago, hiru gairen gainean eztabaidatzeko: eskaintza politikoa gaurkotzea, proiektua garai berrietara egokitzeko beharra eta EAEko hauteskundeetarako koalizioaren hautagaitza aukeratzea.

Atzo Bilbon eginiko agerraldian, Oihane Zabaleta eta Oskar Matute koalizioko bozeramaileek bihar hasi eta apirilaren hasierara arte iraungo duen eztabaida prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Hala, jakinarazi zutenez, EH Bilduko zuzendaritzak Arnaldo Otegi proposatuko du lehendakarigai izateko, eta prozesu irekia izango denez, oinarriek beste izen batzuk proposatzeko aukera izango dutela argitu zuten.

«Jakinekoa da Arnaldo Otegi EH Bilduko militantzia osoaren artean pertsona maitatua eta errespetatua dela», azaldu zuen Matutek, eta gaineratu zuen elgoibartarraren izena «etengabe atera» dela hautagaitza ezberdinak erabakitzeko uneetan. «EH Bilduren zuzendaritzako kideok berarengana zuzenean jo eta prest al dagoen galdetu diogu, eta baiezko erantzuna eman digun ez, bere izena jarri dugu mahai gainean, ez bakarrik proposatua, izendatua ere izan daitekeelako, gehiengoaren babesa badu».

Bestetik, eskaintza politikoa gaurkotzeari buruz ere jardungo dira herri batzarretan. Proposamena da «lan kolektiboaren» bitartez «eraldaketarako» eta «etorkizuna askatasuna eta justizia soziala ardatz hartuta eraikitzeko alternatiba eraginkor bat» bultzatzea, eta gakoa erabakitzeko eskubidean jartzen du EH Bilduk.

«Gure ustez, erabakitzeko eskubidea eraldaketa sozialerako lehen mailako bitartekoa izateaz gain, elkargune demokratikoa eta elkarbizitzarako markoa ere bada, jendearen esku uzten baitu eragiten dioten gaien gainean erabakitzea. Beraz, burujabetza aldaketa politiko eta sozialerako funtsezko tresna da», nabarmendu zutenez.

EH Bilduren proiektua egokitu beharrari dagokionez, «oinarri zabalarekiko eta oro har gizartearekiko harreman bideak berritu eta indartzeko» asmoa azaldu zuten. «Oinarrian jendearen beharrak eta nahiak kokatzen dituen proiektua eraiki nahi dugu, eremu sozialetik, politikotik, kulturaletik, ekonomikotik... herri honen eraikuntza kolektibora bideratuta», aipatu zuen Zabaletak.

Kazetarien galderei erantzunez, Matutek nabarmendu zuen oinarri sozialei helaraziko zaiena «ideien gida» bat dela, eta batzarrek aztertu behar dutela horrek dauden beharrei erantzuten dien ala ez. «Eskaintza politikoa indartze politikorako tresna izatea nahi dugu», azpimarratu zuen.