GARA Euskal Herriko egunkaria
Desafioa

Zizurkilgo neurketan Zabalak erraz hartu dio aurre Garmendiari


Gaztea nagusi izan zen atzo eguerdian Zizurkilen jokatu zen aizkora apustuan, eta oso erraz, gainera, eraman zuen norgehiagoka Zabalak. Hasieran aizkolari bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu behar zituen, baina azkenean Zabalak lau moztu zituen, eta Garmendiak, berriz, hiru.

Jende asko batu zen Zizurkilgo zalditegian apustua ikusteko asmoarekin. Hala ere, Doneztebeko apustuak jende asko kenduko zion atzokoari. Enborrak Zabalak plazaratu zituen, eta alde bakoitzak 1.000 euro jokatu zituen dirutan. Neurketa lehen enborrean amaitu zen, horren ostean garbi geratu baitzen apustua zeinek irabaziko zuen. Hiru minutu eta erdiko tartea atera zion Zabalak Garmendiari, eta hortik aurrera aldeak handitzen joan ziren. Bakoitzak bina kana-erdiko ebaki zituenean, bederatzi minutura pasatu zen alde hori, eta amaieran enbor bat gehiago moztu arren ia sei minutuko tartea izan zen bi aizkolarien artean. 

4.12, 10.24, 17.16 eta 23.58 izan ziren Zabalaren denborak, eta 7.34, 19.46 eta 29.14, berriz, Garmendia beteranoarenak. Zabalarentzat lehen apustua zen, 17 urte ditu, eta aurrera begira bide asko izango du egiteko. Garmendiak ez dauka meritu makala, 70 urterekin jokatu baitzuen atzoko apustua. Galdu arren, aurrera egingo duen kirolari horietakoa da anoetarra, bai segan eta baita aizkoran ere.