29 MAR. 2016 SARAKO IDAZLEEN 33. BILTZARRA Haurrak eta gazteak lagun izan dituzte idazleek topagune berrituan Eraberritua helduko zela aitzinatua zuten antolatzaileek jada, eta atzo Sarako kiroldegian sartu orduko agerikoa zen aldaketa. Antolaketa ezberdina zen, eta aldi berean, jendea, eta haurrak, gehiago ziren. Dernière mise à jour : 29 MAR. 2016 - 07:10h Idoia ERASO Orain arte Biltzarrera joatea Ipar Euskal Herriko kulturaren arloko eta bereziki kultura idatziaren arloko jendearekin harremanetan jartzeko tokia zen. Ondoren etxeko bakardadean irakurriko diren liburuen idazleekin egoteko aukera une batez gozatzeko gunea. Baina aurtengoa hori eta gehiago izan da. Bisitariaren urratsak gidatuko zituen ibilbideari ekin, eta harrera eginez, ohi ez bezala, antolatzaileek haurrekin landuak zituzten jarduerak ageri ziren. Izan ere, 33. edizioko erronka Biltzarra gaztetzea izanik, hainbat hezkuntza zentrotako ikasleak protagonisten artean kokatu zituzten. Sara, Azkaine, Zuraide, Senpere eta Ziburuko haur eta gazteek transmisioari buruz egindako lanek ematen zuten ongietorria. «Zer da jaso duzun oparirik baliosena? Eta zuk zer eskainiko zenuke?» galderei erantzunez transmisioari buruzko erantzun xarmantak irakur zitezkeen margo eta eskulturez lagunduak. Azkaineko ikastolako Leak «Euskal Herria maitatzea» zuen hedatu nahi. Bere herriko eskola publikoko Amaiak eta Maitanek ere «euskal kultura eta hizkuntza» transmititu nahi zutela baieztatu zuten. Ez ziren denak bide horretatik joan, «amatxik emandako josteko maitasuna» edota errugbi zaletasuna aipatzen zuenik ere bazen-eta. Aitzinera eginda, Biltzar saridunen lana ezagutzeko parada zuen bisitariak. Hala, alde batean Itxaro Bordaren liburuen azalak eta mamiaren laburpenak ikus zitezkeen. Handik ere ibili zen tarte batean saritua, «liburu parrasta» idatzi dituela erranez, eta ez ote zen «sobera seriosa izateko» bere buruari galdetuz, irri artean. Idazle oparoaren obretan kantitateaz gain kalitatea badela erantzun zuenik ere bazen, eta aniztasuna ere bazen bertan: poesia, eleberriak, entseguak, hizkuntza bakarreko lanak nahiz bi hizkuntzatan kaleratuak... Pasaiaren bestaldean bigarren saritua agertzen zen, Michel Iturria marrazkilariaren obra hautatu batzuk eman zituzten agerian, bereziki euskal kulturari eta hizkuntzari loturikoak. Idazle eta argitaletxeen ugaritasunean sartu baino lehen, bisitariak obra berri guztien ezagutza egiteko parada zuen, lasai, begirada grinatsurik gabe. Eta bazen zer begiratu, 180 obra inguru baitira aurten berritasun gisara ailegatu Sarara. Besteren artean, Txomin Peillenen “Nina Waita, Arupu baten itzalean”, Xipri Arbelbideren “14ko gerla, 14 lekuko”, Marie-Kita Tambourinen “Deux essais aux noms des femmes”, Egoitz Zelaiaren “Eta galtzen bagara zer?”, Xabier Itçainaren “Euskaldun eta fededun” edota Jokin Apalategiren “Autour de la collectivité territoriale Pays Basque”... Idazleak Lehen urratsak egin, eta Bea Sallaberry baionarra mintzo zen, bere hiriak hartzen ahal duen bizi baten berri ematen duen obrari buruz, salmentak bide onean doazela esanez. Sallaberryk lehenago idatzitako testuetatik abiatuta bilduma aberastu bat da “Baionak ez daki”. Gaiak anitzak dira, eta «irekitzen du gogoeta zabalago bat, non atzematen ahal diren berdintasunaren nahia, batzuetan gai batzuetatik libratu nahia, ezinegonak, aldarrikapen pertsonalak...». Mahaitik mahaira pasatzean, idazleen gogoetan eginiko bidaia batean bezala mundu ezberdinak antzeman zitezkeen. Joseba Aurkenerena han zegoen, “Iparmina. Iparraldeko bizikerak eta kultur kronikak” lanarekin. Bi helburu argi ditu: «Batetik, Hegoaldekoentzat idatzi dut Iparraldeari buruzko klixeak hausteko. Bestetik, harrotasuna sentiarazteko Iparraldekoei, euskaraz eta izate euskaldunaz harro egon daitezen». Azken xede honi buruz, zera gaineratu zuen: «Anitzetan ikusten dut sentitzen dutela frantsesik gabe euskarak ez duela ezertarako balio». Zutabegilearen liburu honetan Kazeta.eus webgunean argitaratutako lanak dira gehienak, argazkiekin edertuak. Daniel Landart “Etxea eta etxekoak” liburuarekin heldu zen Biltzarrera. Obra hori osatzera iristeko ibilbidea honela azaldu zuen baserritar jatorria duen Landartek: «Etxearen garrantzia beti eraman izan dut nire baitan, eta jakin nahi izan dut beste idazleek nola erabiltzen zuten gai hori». Hautaketa ez da erraza izan, euskal kulturan garrantzi handikoa baita etxea, eta ondorioz ugaria gai horri buruzko produkzioa. Gauzak horrela, 62 idazleren hitzak irakur daitezke bilduma honetan. «Selekzio horretan badu jendeak zer nahi eta goza. Gainera Jean-Louis Davantek eta Koldo Amestoyk testuak idatzi dituzte espresuki liburuan agertzeko». “Errudun” sentimenduari buruz idatzi du Eric Dicharryk bere azken liburuan. Maiatz argitaletxearekin plazaratu duen obra hau hirugarrena da idazlearentzat. Lanari izena ematen dion sentimendua du mintzagai, «unibertsala dena, eta aldi berean norberak bere baitan bizi duena». Gai horri heltzeko gure hizkuntzaren garrantzia ere nabarmendu zuen idazleak: «Euskarak ez du mugarik, euskaratik abiatzen gara, baina ber inpaktua izaten ahal du edonorengan». Gure herriaz gaineratu zuen: «Euskal Herrian politikoki barkamenaren garaia da, eta horren gibelean atzematen duguna erruduntasuna da». Iñaki Perez Azcarate “Héritages” eleberria besapean zuela hurbildu zen Sarara. Obra horretan euskal historia sakontasunean jorratzeko nahia du idazleak, baina suspensea baliatuta. «Nire haurtzaroari buruzko galdera bada hor gibelean, Euskal Herriari buruzkoa» azaldu zuen. Edu Zabala “Inauteria, gizakia naturaren kontra” obrarekin zegoen azokan, liburuarekin batera bere teoria ezagutzera emanez: «Gure mitoek inauterietan, antzerkiaren bidez, erakutsi nahi dute gure nagusitasuna naturaren gainean». Gogoeta hori Lantz, Altsasu, Ituren eta Zubietako inauteriak eta maskaradak aztertu ondoren heldu zaio: «Ikuspegi nahiko berria da, azken muga, heriotza gainditzearen ideiarena. Esaterako, ikusten dut Pitxu nola hiltzen den, eta gero nola berpizten dugun». Horri buruzko informazio gehiago nahi duenarentzat, idazleak mintzaldiak emanen ditu apirilaren 22an Getxon eta maiatzaren 31n Altsasun. Sariak Edizio berri honetako sari banaketaren txanda iritsita, Biltzarraren berritasun gehiago agertuz joan ziren; izan ere, eraikinetik atera beharra zegoen eta instalatu zituzten bi gune berrietako batera joan. Sari banaketa egiteko tokia txiki gelditu zen. Mintzaldi zein gisa horretako ekimenetarako gune berezi bat izateak jende gehiago erakarri zuen, eta hitzaldi askotan bete ere egin zen. Hurrengo edizioari begira gune zabalago baten beharra izanen dela aipatzen zen ezker-eskuin. Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, aurkeztu zuen Bordari emaniko saria, eta Euskal Herrian eta kanpoan ere enbaxadore gisara eskatua dela azaldu zuen. «Euskal literaturako Ferraria» ere deitu zion, Italiara elkarrekin egin zuten bidaia bat gogoan. Idazleak berak euskal kulturak Saran duen aura eta Axular aipatu zituen. Hurbilagora ere begiratuz, “Herria” aldizkariari eta Maiatz argitaletxeari buruz mintzatu zen. Lehena euskararen arlo idatzia deskubritzeko lagun izan zuelako, eta bigarrena, sorreran partaide izan zelako: «30 urteren buruan, gaur egun ere idazleen plataforma» izaten segitzen duenaren lana omendu nahi izan zuen denen aitzinean. Bestalde, bere azken lana bi hizkuntzetan argitaratu izanak sortu duen zeresanari erantzunez euskara izan zuen hizpide: «hizkuntzen artean gure zubia delako, eta euskaratik beste hizkuntzetara heltzen garelako». Michel Iturria marrazkigilearen txanda izan zen ondoren. 14.000 lanen egileak 40 urte daramatza jardunean, eta gogora ekarri zuen duela 33 urte lehen Biltzarrera nola hurbildu zen. Euskal Herritik kanpo sortu bazen ere, bere gurasoen herriarekin duen lotura nabarmendu zuten bai aurkezpenean eta bai artistak berak. Euskal gaietan bezala orokorrean ere bere lana «gizartearen zozokeriak ikustea eta ikuspegi grafiko bat ematea» dela azaldu zuen. Bide horretan agerkari askotan argitaratu izan ditu bere lanak. Ekitaldia bukatzeko, bi sarituen obra guztiak herriko liburutegian denen eskura egoteko Jean-Baptiste Laborde-Lavignette auzapezari eman zizkioten opari gisara. Haurren xokoa Beste gune berri bat ere bazen Biltzarrean, karpa handi baten azpian. Gaztetxoentzat obra gehien argitaratzen dituztenen gunea zen hori, han ziren, besteak beste, Elkar, Ikas eta ZTK. Aurreko urteetako obra anitzen artean, duela hilabete batzuk Mayi Gastambidek eta Alexandra Taboulotek elkarrekin prestatutako “Pipas eta kanabera magikoa” antzeman zitekeen. Azken xokoa, haurrei eskainitakoa zen. Kiribil konpainiaren eskutik, jostatu eta disfrutatzeko prestatutako gunea. Toki berri honen sorrera eta ardura bere gain hartu duen Amaia Hennebutte idazle eta irakasleak gunearen arrakasta borobila nabarmendu zuen. Izan ere, atzo bukatu zen ibilbidea duela hamar hilabete abiatu zen, Biltzarra gazte eta haurrei hurbildu nahi zietela erabaki zelarik, horretarako protagonista bilakatzea erabaki zuen Hennebuttek, eta horrela sortu zen sarreran ikusgai zegoen erakusketa. Beste haur batzuk adierazpen idatzia baliatu zuten, eta testu horiek argitaratu egin zituzten Biltzarraren karietara. Azkenik ahozkoa ere izan zuten baliabide, eta gazteak jendaurrean agertu ziren. Atelier batzuk ere baziren haurrentzat, norbera bere aldetik aritzeko edo arduradunekin elkarlanean. Haurrentzako eskaintza txikienentzat prestatutako hainbat antzezlanen aurkezpenarekin borobildu zen. Bi gune berri izan dira aurten, mintzaldien tokia eta haurren xokoa, eta biak hala biak, arrakastatsuak izan dira. Eleberriak, poesiak, saiakerak... aniztasuna nagusitu da aurten ere aurkeztu diren 180 obren artean