11 MAI 2016 JO PUNTUA Inpunitate sentimendua Mikel Aramendi Kazetaria Sona handia izan du beti txinatarren artean Mentzioren amak. Semeak adina, agian askotxo esatea izango da baina. «Meng-en amak, hiru [etxe] aldatu» dio esaera zaharrak, semea pulamentuzko gizona izan zedin alargun gaixoak egin omen zituen ahaleginak laburbilduz: hilerriaren ondotik merkatu ondora joan, eta handik eskolaren albora... Ez gara hasiko, hala ere, Mentzioren filosofia eta kode moral irmoek zenbat zor zioten Konfuziori eta zenbat bere amari zehazten. Guido Menzio-k ere, seguru, estimu handian izango du bere ama. Ez, ordea, lehengoan American Airlineseko hegaldian alboan eseri zitzaion emakumea. Hitzaldi bat ematera zihoan ekonomia-irakasle gazteak, lanak aurreratzeko edo, ekuazioak zirriborratzeari ekin omen zion bere eserlekuan jesarri orduko... ohartu gabe bere alboan zihoan emakumeari oso susmagarria iruditu zitzaiola jarduera hura (eta, beharbada, Guidoren ilaje beltzaran kizkurra); eta hegazkineko zerbitzariari isilpean ohartaraziz atentaturen bat egiteko zorian egon zitekeela, salatariak hegazkinetik hanka egiten zuela gaixo sentitzen zela esanez. Hegazkina ez zela abiatzen eta, aldiz, poliziak bera atxilotzera etorri zirela ikustean hasi izango zen Menzio gaztea bere egoeraren xelebretasunaz jabetzen. Anekdota barregarrien txokoan argitaratu da, ia salbuespenik gabe, gertaera siniestroa. Sistemaren zoramenen olatuaren gainean surf eginez norbanako psikopatek zer-nolako aberiak eragin ditzaketen gogorarazi behar ligukeena. Dardarka ez hasteagatik, barrez hartzen duguna. Mentzio zaharrak gizakiari egozten zizkion lau sentimendu (erruki sentimendua, lotsa sentimendua, begirune eta apaltasun sentimenduak eta ongi eta gaizki dagoenaren sentimendua) onuragarri haiekin batera –aurka, hobeto– badirelako beste batzuk. Adibidez, inpunitate sentimendua. Zigorra/saria beste ikuspegi moralik ez eta beti boladaren alde jokatu nahi dutenen sentimendua. Inpunitate