01 JUIN 2016 Netanyahu, bakeaz hitz egiteko prest lur gehiago lapurtzen duen bitartean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak herrialde arabiarrek orain hamalau urte aurkeztu zuten bake ekimen bat aztertzeko prest dagoela esan du, hedabideek Zisjordaniari beste 6.000 hektarea inguru kentzeko egitasmoaren berri eman duten bitartean. Dernière mise à jour : 01 JUIN 2016 - 06:15h Jose Angel ORIA Israelen eta palestinarren arteko gatazkari amaiera ematea zuen helburu 2002an herrialde arabiarrek aurkeztu zuten ekimenak. Orduan ez zuen aurrera egin eta orain, berriz, Abdelfatah al-Sissi Egiptoko presidente kolpistak jarri du mahaiaren gainean. Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministro berriak astelehen gauean, bere lehen hitzaldian, goraipatu egin zuen egiptoarraren proposamena: «Presidentearen diskurtsoa oso garrantzitsua da eta benetako aukera bat ematen du. Erronka jaso egin behar dugu». Netanyahu lehen ministroak Yaalon aurreko Defentsa ministroa kargutik kendu eta Lieberman jartzea erabaki zuelako sekulakoak entzun beharrean izan da, batez ere Israelgo Parlamentuan dauden diputatu palestinarren aldetik. Eskuin-muturreko agintariari «gerra ministroa» deitu diote. Batek baino gehiagok esan du hain esperientzia gutxi duen politikaria kargu horretan jarrita, Israelen segurtasuna bera kinkan ipini duela lehen ministroak. Kezka horiek uxatu nahian dabil egunotan Netanyahu eta horregatik adierazi du orain 2002ko bake ekimena berriz aztertzeko prest dagoela. Baina ez du inolako sinesgarritasunik. Izan ere, zenbait arabiar estatuk orain hamalau urte egin zuten proposamenaren arabera, potentzia okupatzaileak 1967az geroztik bere mendean dituen lurrak itzuli beharko lituzke, eta hori egiteko asmorik ez dute Israelgo agintariek. Atzo bertan “Ha’aretz” egunkariak argitara eman zuen txosten baten arabera, Israelek Zisjordaniako 6.000 hektarea ingururen mapak aldatu egin ditu 2015ean (2014an, 2.000 hektarearekin gauza bera egin zuen, eta 2013an, 1.300 ingururekin). Dror Etkes ikertzaileak esplikatu du aldaketa horren helburua dela palestinarren lur gehiago Israelen esku jartzea. Mapa berrietan Israelen ageri diren lurretan dauden palestinarren eraikinak suntsitu egiten dituzte, legez kontrako kolonia judu gehiago eraikitzeko. 1967ko gerraz geroztik, Israelek 100.000 hektarea inguru lapurtu die palestinarrei, nahiz eta Ban Ki-moon NBEko idazkariak berak esan duen kolonia gehiago eraikitzeak indarkeria baino ez duela eragiten. JUDUEN ETXEA Lieberman Gobernuan sartzeko erabakiak azken orduan alderdien desadostasunak eragin zituen. Naftali Benneten Juduen Etxea alderdiak segurtasun kabinetean egon nahi zuen. Azkenean informazio gehiago emango dietela agindu diete eta kitto.