18 JUIN 2016 MSFk uko egin dio Europaren diruari, errefuxiatuei emandako tratuagatik Mugarik Gabeko Medikuek uko egingo diete hemendik aurrera Europar Batasunaren zein erakundean esku hartzen duten estatuen diru laguntzei, errefuxiatuen krisiari eman dioten erantzun «lotsagarriagatik», iheslariei ideia burutik kendu beste asmorik ez duelako. GARA PARIS Oso agiri gogorra plazaratu du gobernuz kanpoko erakundeak, migratzaileen auziari Europako agintariek eman dioten erantzuna «kaltegarria» delako. MSF Mugarik Gabeko Medikuen iritziz, iaz errefuxiatuen etorrera ikaragarri hazi zenean Europar Batasunaren erreakzioa «disuasioan» oinarrituta egon zen, eta helburua izango litzateke «gerrak eta sufrimendua atzean utzi nahi dituzten gizakiak bere itsasertzetik ahal den gehiena urruntzea». Atzo jakinarazitako erabakia berehala jarriko dute abian eta MSF erakundeak mundu osoan dituen proiektuetan izango du eragina. Mugarik Gabeko Medikuek beraiek emandako datuen arabera, erakundearen aurrekontuaren %8 inguru jasotzen zuten orain arte Europar Batasunetik eta blokean dauden estatuen aldetik, hau da, 56 milioi euro 2015ean: hortik, 19 milioi, Europar Batasuneko instituzioek emandakoak izan ziren, eta beste 37 milioi, estatuek emandakoak. Norvegia Norvegia ez da Europar Batasuneko kide, baina blokearen migrazio politikan esku hartzen duenez, iparraldeko estatu horrek emandako diruari ere ezetz esango diote medikuek. 1999an Bakearen Nobel saria jaso zuen erakundeak Europar Batasunak Turkiarekin adostutako ituna salatzen du: Turkiatik barrena Greziara iritsitako pertsonak automatikoki kanporatzen dituzte, baita asiloa eskatu dutenak ere. «Itun horren ondorio zuzena da 8.000 pertsona Greziako irletan ez aurrera ez atzera geratu direla, horietako asko bakarrik doazen umeak. Egoera penagarrian bizi dira. Errefuxiatu kontzeptua bera ere arriskuan ipintzen da horrela», dio MSFko Jerome Oberretek. ALEMANIAAlemaniako Gobernuak «herrialde segurutzat» jo nahi ditu Maroko, Tunisia eta Aljeria, bertako herritarrei asilo politikorik ez emateko, baina Bundesrat Parlamentuko ganberan gehiengorik ez duenez, bozketa atzeratzea erabaki dute.