10 JUIL. 2016 Kokotsean orbaina duena Amets TXURRUKA Orica GreenEdge taldeko txirrindularia Tourreko gazterik onena bereizten duen maillot zuria jantzita eta kokotsean puntuak dituela egin du etapa Adam Yatesek. Adam eta Simon anaia bikiak dira eta fisikoki oso antzekoak. Hain berdintsuak dira, non bereizteko, Adamek kokotsean duen orbainaz baliatzen garen sarritan. Lehendik zuen orbaina Adamek, baina Payolleko azken kilometroan puzgarria goitik behera erorita, berriz ere leku berean zauria eragin dio, eta hori baino okerragoa dena, sailkapen nagusiaren lehian murgilduta dagoen ingeles gazteak sekulako zartakoa hartu du ditxosozko puzgarriaren erruz. Lotsagarria Frantziako Tourrean halako «deskuidua» izatea! Hala ere, ez da berehalakoan kikiltzen den horietakoa eta kolpeak kolpe, erakustaldia eman du gaurkoan ere. Zirikatzaile hutsak dira Simon eta Adam anaia bikiak. Beti dabiltza elkar xaxatzen. Batak besteari itzelak esaten dizkiote, baina elkarrekin ezin hobeto konpontzen dira. Jende askok galdetzen die bietako zein den hobea, eta orduan hasten da beste behin zalaparta, are gehiago nahastuz bien arteko oilar-jokoa. Donostiako Klasikoaren inguruan ere beti dabiltza zirika; izan ere, iaz Adamek irabazi zuen, baina Simonek adarra jotzen dio motorrak aurkariak bota zituelako irabazi zuela esanaz. Edota duela bi urte, Igeldoko azken jaitsieran erori zenean, anaia autobusean zegoen lasterketatik erretiratu ondoren, eta erorikoaz arduratu beharrean barre algaraka hasi zen anaiaren ezbeharraren aurrean, trakets hutsa dela esanaz; a ze parea! Tropelaren atzealdean lasai joatea gustatzen zaio Adami, aurrera pasatzeko laguntza eskainiz gero, «No stress, mate!» esanaz bere postuan lasai jarraitzen du, baina une erabakigarria iristen denean onenekin egoten da beti eta gaur ere hor egon da lider jartzeko aukera askorekin. Baina inork espero ez zuenean, aldapa behera, postura itsusi baina eraginkorrean Froomek alde egin die, etapa eta lidergoa lortuz eta erakustaldia emanaz. Gaurko etaparen ondoren ere, seguru zirikatuko duela Simonek Adam, aldapa behera nola ihes egin dien leporatuz! Edonola ere, sailkapenean bigarren eta gazterik onenaren maillotarekin jarraitzen du.