GARA Euskal Herriko egunkaria
aPERITIFa...

«Italiatik etorrita, bestetan zerbitzatzea berezia izanen da» Andrea Vivian


Bestak ofizialki hasi aitzin topatu dugu Andrea, azken prestaketan. Cafe Salud ostatuan lan eginen du. Lehen aldia izanen da beretzat. Izan ere, Milanetik (Italia) etorri da ikasturte honetan Baionara.

Lehenago izana zen Hego Euskal Herrian, eta hura maitaturik bazuen iparraldea ere ezagutzeko gogoa. Ikasketetan frantsesa baliagarri izanen zitzaiola jakitun, ez zuen dudatu. Baina badaki nora etorri den. Bi estaturen artean dagoen herri «mistiko» hau zirraragarria zaio, beretzat irudikatzeko egoera zaila baita.

Fakultatean azterketak bukatu eta hasi zen lanean ostatuan. Uztailean bere herrian aste zenbait pasatu ondotik, bestetarako itzuli da. Astelehen eta asteartean prestaketa lan nagusiak eginik, atzo eman zieten hasiera Baionako bestei. Ez da txantxetakoa izanen beretzat. Eguerdi aldetik goizeko ordu txikietara izanen da idekia Cafe Salud. Hala ere, izanen du tarterik atsedenerako, eta bestarako aukera ere ez du baztertu. Ostatutik, San Andres plazako kontzertuak segitzeko aukera izanen dute eta lana bukatu ondotik, giroak daraman lekura joan nahi luke.

Zerbitzatzeko unean, garagardoa du atsegin, «ateratzeko erraza eta ona». Baina edateko, patxarana du maiteen. Baionan ezagutu du, eta norbaitek galdetzean zerbitzatzea beretzat «plazer bat dela» dio. Janari aldetik ere, gustura dabil, pisua hartu duela ere aitortu digu. Amak bisitan etorririk esan omen zion: «Hemen ongi jaten duzu!».

Etxean bezala

Sanferminetan izana zen jadanik eta Baionako bestak haiekin parekatu ditu. Milan inguruan ere herri bestak izaten omen dira, esan digunez.

Haatik, Italiakoak xumeagoak direla aitortu du, «herrikoiak eta tradizionalak». Gainera, turistarik ere ez dute erakartzen, eta hala, ezagunen arteko giroa sortzen da.

Baionan etxean bezala sentitu da Andrea eta, berak adierazitakoaren arabera, «esperientzia oso ona» gordeko du buruan, lagun onak eginik. Besten bukaeran gauza bera erranen duen galdetuta, hala ere, irri egin du. Euskara ikasten ahalegindu da eta lortu ez badu ere, euskaraz bota ditu azken hitzak: «Gora Euskal Herria!».