29 JUIL. 2016 aPERITIFa... «Patxan egitarau bikaina dugu, estilo guziak atzematen dira» Lili Iriart Ortzi MURUA BAIONA Bazkalondoan egin dugu hitzordua Lili Iriartekin, Patxa plazako txosnagunean. Bazkalondoko atseden hartzeko unea zuen baionar gazteak. Bestak txikitatik ezagutu dituen horietakoa da. Gurasoekin Karrikaldira joaten zela gogoan du. Gaztelu zaharraren oinetan, bestetako topaleku garrantzitsua dute euskaltzaleek, dantza, kantu, bertso eta ikastolako ostatuarekin. Orain, Errobi ibaiaren beste aldera pasatu da. Bestak Baiona Ttipian iragaiten ditu lagunekin, turista gehiegi ez diren lekuan, Kalostrape, Patxa plaza eta Xina artean, «giro ona» delako inguru horretan. Aurten emendatu diren segurtasun indarren presentzia ez du sumatzen. Hortik kanpo gelditzen da. Haatik, jende batengan duen eraginak kezkatzen du, «hoztasun batzuk» sortzen dituelakoan. Gazte Asanbladako bozeramaile bezala ikusi dugu azken egunotan. Lehen urtea du, alta, gaztetxea lortzearen inguruan sartu baita taldean. Urtarrilean izan zuten irekitzea. Beretzat Zizpa gaztetxea gauza ederra da, Baionako gazteak, bereziki euskaldunak, biltzen dituen lekua delako. Lehenago ez zuten bortxaz elkar ezagutzen ere. Orain, 30 lagun inguruko taldea osatu dute guztira. Zizpa lorturik, bestak prestatzeko are indar handiagoa izan dute eta horrek motibatzen dituela dio. Besten irekitzean goraipatu dute gaztetxea, eta ospatzeko parada izanen dira jaiak, besteak beste, igandean antolatzen duten aperitifaren bidez. Urtero giro polita izaten omen da bertan. Esne Beltzaren zain Hortik harago, bost eguneko programazio oparoa osatu dute. Estilo anitzetako musika taldeak ariko dira eta, horri esker, ska, reggae eta rock doinuez gozatzeko aukera paregabea izanen da. Patxa plazako eszena gainera igoko diren talde asko gainera, bertakoak dira. Beren egitaraua ederki defendatu ondotik, Lilik bereziki Bolbora eta Ze Esatek taldeak entzuteko irrikaz dela erran digu. Patxa plazatik aterako da, baina ez oso urrun. Izan ere, San Andres plazan Esne Beltzaren kontzertura joateko asmoa du. Geroari begira ere jarri da. Besta eredua gehiegi ez aldatuta ere, alimaleko euskal plaza bat ikusi nahiko luke, «mini festibal bat».