27 AOûT 2016 Orga-jokoa Ousmane Dramek bere abileziak erakusten jarraitu nahi du J.L. Ousmane Drame izango da Euskal Herriko orga-jokoko finala irabazteko faborito nagusia. Barakaldon bizi den senegaldarra bikain ari da herri kiroletara moldatzen, eta sekulako trebezia erakusten du, gainera. Baina afrikarraren aurkari nagusietakoak lapurtarrak izango dira, bihar Getxon 18.00etatik aurrera jokatuko den finalean izango baitira Pierre Casuso eta Jerome Lartzabal. Txapela lortzeko hiru faboritoak. Horiez gain, Saez de Castillo, Aldasoro, Perez, Salterain, Salcedo, Fernandez eta Etxoinborde ere lehiatuko dira. Harri-zulatzea Gaur Bilbon jokatuko da harri-zulatzaileen Ligako beste jardunaldi bat, 12.00etan hasita. Ereño, Piratak, Aldai Alde, Errekatxo, Burdin Gazteak eta Kabiezes izango dira lehiatuko diren taldeak. Ereñok irabazi ditu orain arte jokatu diren jardunaldi guztiak, eta txapela gero eta gertuago dauka. Gaurko norgehiagokan ere lehen postua lortzen badu, oso zaila izango da Ligak ihes egitea.