17 OCT. 2016 Iparreko neska Jon GARMENDIA Idazlea Honezkero nobelak idatzi dira Bob Dylanentzat literaturako Nobela iragarri zutenetik, hau da, aldeko eta kontrakoen esaldiekin, eta ni, jokoan sartu gabe, Dylanen kantu batekin daukadan bitxikeria bat kontatzera noa. Hugues Aufray entzun nuen lehenago “La Fille du Nord” kantatzen, iparreko neskari eskainitako koplak. Cabrel eta Jean-Jacques Goldmanek osatutako bikoteari ere entzuna nion, eta xarmagarria zitzaidan, gozoa, lotarakoan belarrietara hurbiltzen duzun abesti horietako bat. «Si tu passes là-bas vers le Nord, ou les vents soufflent sur la frontière, n’oublie pas de donner le bonjour à la fille qui fût mon amour» –Iparrera bazoaz, haizeek muga kolpatzen duten tokira, ez ahantzi nire maiteñoa zena agurtzea–. Elur-oreinak aipatzen zituen Aufrayk, eta neskaren adats hori luzeak, haren alde errezatzen zuela aitortzen zuen udako gauen argitan, eta baita egunsenti hotzetan ere. Geroago jakin nuen kantu hori Dylanena zela, Johnny Cashekin kantatu zuela hastapenean, eta noski, originalki hitzak ingelesez idatziak zirela, Aufrayrenak baino pare bat urte lehenago, eta biak lagun handiak zirela; Dylanen “Girl from the North Country”-n ez nuen elur-oreinik atzeman halere, ez eta ile horirik... desberdina zen. Aufrayren abestian argi eta garbi ikusten nuen maitale bati kantatzen ziola, baina Dylanenak misterio gehiago zeukan. Enetzat, magia hori du Dylanek, beste batzuek ez duten hori.