GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren makuluak


Posible al da makulu-hitzik erabili gabe hamar minutuko hitzaldia ematea? Denok ikasi dugu hitz-makulu gehiegi erabiltzen. Gaizki ikasia. Zergatik errepikatzen ditugu makulu-hitzak? Zenbat aldiz erabiltzen dugu “e” hizkia segundoetan luzatuta? Hitz-betegarrien kopurua demasekoa da. Ezagun bati “Nolabait” ezizena ezarri zioten, bi esaldi segidan ezin zituelako lotu «nolabait» esan gabe. Madonnaren hitzaldiaren inguruan telebistako profesional batengana jo nuen erantzun bila, hark esan zidan Madonnak Urteko Emakumea Sarietan prompter-a (irakurtzeko gailu berezia) zeukala bere hitzaldirako. Madonna txundigarri egon zen sarien ekitaldian, hamar minutu isildu gabe, baina aldez aurretik pentsatutako isiluneak, keinuak, hitz-jokoak erabiliz. Hizlari bikainen pare. Baina ez du ematen Madonna irakurtzen ari denik. Buruz hitz egiten ari dela dirudi, edo egokiago esateko, hitzaldiaren hitz jarioa benetakoa dela dirudi (eta benetakoa da). Madonnaren hitzaldiaren helburu heldua da gehien iritsi zaidana, emakume pentsamenduaren indarra. Industria ahalguztidunak erabiltzen duen teknika bortxaketa humanista da. Patriarkatuaren brikolajea jasaten ari da emakumearen gorputza, gizonen arteko kontratu-akordio patriarkalak baztertzeko emakumeen askatasuna. Guk gure Madonnak ere baditugu: Anari, Izaro, Ines, Zuriñe...