07 JAN. 2017 Berger Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Urte berria hastearekin batera utzi gaitu John Berger idazle, arte kritikari eta artistak. Ez zen pop artista bat eta, ondorioz, haren heriotzak ez du zalaparta handirik sortu. Esan genezake eraman zuen bizimodua bezain apala izan dela albistearen harrera komunikabideen artean. Ez bere bizitzari zuzendutako gehigarri berezirik, ezta bere obraren inguruko telebista saiorik, nahiz eta telebistan bertan dezente agertu zen garai batean, “Ways of Seeing” programa paregabeari esker. Ziur aski, berak ere hala nahi izango zuen, zarata handirik sortu gabe mundu petral honetatik alde egitea. Ixiar Rozasek eta Dario Malventik 2003an Livornon (Italia) antolaturiko Periferiak topaketetan ezagutu nuen John Berger. Elkarrizketa bat egitea proposatu nionean ezeroso sumatu nuen. Ez zitzaion gehiegizko arreta gustatzen. Elkarrizketa beharrean solasaldi bat izan genezakeela esan zidan eta hala egin genuen; literaturaz, arteaz eta politikaz mintzatu, biok, bizitzaz ari bagina (eta ari, ari ginen bizitzaz) bezala. Marxistatzat zuen bere burua, eta behin ere alderdi komunistaren bateko kide izateko urratsa hartu. Ez zuen alderdikeria maite, ezta burokrazia ere. Ezin esan halako sentimenduak izateko arrazoirik ez zuenik. Historiaren ezagutzari garrantzi handia ematen zion, gizabanako arrunta parte den horri. «Bere iraganetik aldendua izan den jende edo klaseak historian bere tokian kokatzeko aukera izan duenak baino askatasun txikiagoa du jende edo klase moduan erabaki eta jardun ahal izateko». Bere hitzak dira.