GARA Euskal Herriko egunkaria

Aterkia irekitzeko eguna izango da gaurkoa; biharkoa beroki lodia janztekoa


Neguak geure artean dagoela adierazi nahi du eta eguraldi petrala nagusituko da datozen egunotan. Bi izango dira kontuan hartzekoak: euria lehenik eta hotz handia ondoren.

Lakuako Gobernuak atzo aktibatu zuen Gipuzkoan eta Bizkaian alarma laranja euriteengatik, eta gaur eguerdira arte luzatuko da abisua. Euskalmetek atzo ohartarazi zuenez, ur pilaketarik handienak Gipuzkoako ekialdean gertatuko dira, egun bakarrean 80 litro ur metro koadro pilatuko baitira. Kantauri isurialdean 60 izan daitezke baina, lurraren asetasun maila handia denez, Urumea, Oria eta Deban arreta berezia jarriko da.

Hotz handia

Aterkiak pixkana itxi egingo ditugu, beroki lodienak janzteko. Adi, asteartetik aurrera prezipitazio ahulak izango dira, eta noizean behin baino ez du botako, baina elurra itsasoaren mailara jaitsiko da.

Euskal Herrira sartuko den haize kontinentalak oso egun hotzak utziko ditu. Iragarpenen arabera, termometroek kostata markatuko dituzte zero gaineko tenperaturak, eta minimoak -5 °C-koak izango dira, baita are baxuagoak ere. Haize masa lehorra izango omen da, eta ezer botatzekotan, elur antzera bota lezake. Egoera bizpahiru egunez luzatuko da.