16 JAN. 2017 Bortzirietan udaberrian erabaki nahi dute beren etorkizun politikoaren inguruan GARA LESAKA Eman Bortzekoa elkartearen sorrera ekitaldia egin zuten atzo, Lesakan. Bortzirietako herritarrei euren etorkizun politikoaren inguruan hitza ematea du helburu, hain zuzen, Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzi ere barne hartzen dituen elkarteak. Adierazi zuten galdeketak udaberri honetan egitea dela beraien asmoa. Estitxu Fernandezek eta Joseba Olagaraik hartu zuten hitza aurkezpen ekitaldian. Adierazi zutenez, Gure Esku Dago mugimenduak abiatutako bidea gauzatzeko asmoa dute, eta iragarri zuten udaberrian egin nahiko luketela galdeketa, Mendialdearekin eta Sakanarekin batera. «Herriari galdetu nahi diogu, herritarrok erabaki dezagun, zer izan nahi dugun, nora joan nahi dugun, herri gisa zer izan nahi dugun», berretsi zuten, gaineratuz herri galdeketaren bidea hasi baino ez dela egin aurkezpenarekin. Horretarako, denen ekarpena beharrezkoa izango dela nabarmendu zuten. Hala, eta hasteko, sinadura bilketa abiatuko dute. «Aterako den emaitzaz harago, galdeketa egitea da helburua, parte-hartze handia litzateke arrakasta», gaineratu zuten ekimen berriaren sustatzaileek. Larrabetzu eta Bermeo Herri batzuk martxan jarri diren bitartean, beste batzuek ekimenekin aurrera jarraitzen dute, besteak beste, Larrabetzun eta Bermeon asteburuan erabakitzeko eskubidearen inguruko hitzaldiek aretoak bete dituzte.