GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ekhi», Ipar Euskal Herriko tradizioa balioan jartzea zutoin duen obra

Ipar Euskal Herriko sustraiak gogoan ondu du Kalakanek igandean Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko duen «Ekhi» ikuskizuna. Tradizioa bertute dela sinetsita ere, hura «lotsaz» bizi duenik badela uste dute eta, ikusmolde hori iraultzeko zioz, tradizioaren eta modernitatearen arteko elkarbizitzan jarri dute begia, artista gazteen laguntzaz.


Kalakanen azken proposamena da “Ekhi”, baina ez Kalakanena bakarrik. Ipar Euskal Herriko tradizioen aberastasuna goratu nahi duen ikuskizuna da, «bertakoek tradizioa nola bizi duten» erakutsi nahi duena, eta aldi berean tradizioak eta modernotasunak ez dutela zertan kontrajarri izan oholtzaratu nahi duena. Zeregin horretarako, modernotasunean jaio eta sustraietan tradizioa daramaten Ipar Euskal Herriko zenbait artista gazteren partaidetza izan dute: Maddi Oihenart, Jeremie Garat, Zuberoako Beritza dantza taldea, Mattin Lerissa eta Xendarineko Ahizpak. Orotara, lau abeslari, bederatzi musikari eta hamaika dantzari oholtza gainean –«baita sekretupean mantendu nahi ditugun bi gonbidatu berezi ere», Jamixel Bereau Kalakaneko kideak aurreratu zuenez–, Ipar Euskal Herria eguzki berritan dela agerrarazteko.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan kulturaren eta artearen alorrean «amateurismo asko» dagoela uste du Bereauk. «Hitz hori ez zait gustatzen, bai baitu gutxiespen puntu bat. Amateur askok kristoren talentua dute, baina ez dute talentu hori profesional bezala garatu, beste lehentasun batzuk dituztelako. Amateurismoa artea eta kultura bizitzeko era bat da, beraien bizitzaren zati da kantatzea, antzeztea...». Bereauk Maskaradak jarri zituen adibide, eta bi emankizun egiteko sei hilabetez entseatzen aritzea «zirraragarria» suertatzen zaiola onartu zuen. «Bizia horren bueltan antolatzen dute hainbat gaztek, eta herriko agenda ere kondizionatzen du nolabait. Jende horiek eraikitzen, sortzen, bizitzen dute beraien kultura eta artea, eta gu ere mundu horretatik gatoz –azpimarratu nahi izan zuen–, une batean erabaki dugu beste bide batzuk hartzea, baina ez dugu lotura hori galdu».

Lotsari koloreak atera

Bereauk, eta baita aurkezpenean alboan izan zuen Xan Errotabeherek ere –hau ere Kalakanekoa–, esan zuten badutela sentipena «jende batzuek euren kulturarekiko lotsa puntu bat dutela». Bereauren hitzetan, tradizioa «maite» badute ere, eurenak «frantses kulturak baino prestigio gutxiago» duela sentitzen dute eta sailkapen hori «suntsitzea» ezinbestekotzat jotzen dute “Ekhi” osatzeko bidean elkarlanean aritu diren kideek. «Gure helburua ere bada jendea harro sentitzea, lotsarik ez gehiago ukaiteko, esateko kultura mailan ezberdintasunak badirela, baina gizakiongan ezberdintasunak diren bezala: sailkapen hori egitea, niretzat, arrazakeria kulturala da», ziurtatu zuen.

Kulturen arteko sailkapen horrek, Bereauren aburuz, baditu ondorioak «jende batzuen buruetan eta bihotzean», eta horren aurrean eurek aldarrikatu nahi dute kultura, komunitate eta proposamen ezberdinak daudela, «hala izan behar duela eta guztiak izan behar direla errespetatuak, denen atzean delako zerbait ona».

“Ekhi”, esan bezala, igande honetan estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian (19.00; 18 euro) eta haren ostean emankizunetarako «aukerak» ikusten badituzte ere, oraindik ezer lotzeke dutela esan zuten: «Lehenik ikusi behar da jendeak zer esaten duen, baina uste dugu baietz, egongo dela emanaldi gehiagorik».