GARA Euskal Herriko egunkaria

«Gernika»-ren «unibertso sinbolikoa» saritu du Sabino Arana Fundazioak


Sabino Arana Fundazioak “Gernika” margolanaren «unibertso sinbolikoa» saritu du, «iraganean izugarrikeriaren sinbolo izan zena eta egun bakearen sinbolo dena. 1937ko bonbardaketa faxistak gogora ekarri zituzten, halako gertaerak berriro ez errepikatzeko, «ez hemen ez inon».

Saria Gernika, Otxandio eta Durangoko bonbardaketak bizi izan zituzten hiru emakumek jaso zuten, Maria Angeles Ortiz de Zaratek, Andone Bidagurenek eta Pilar Bilbaok, eta haiekin batera hiru gazte igo ziren taulara «etorkizunaren ordezkari gisa».

Europa Pressek azaldu zuenez, Pablo Picassok margotutako “Gernika” «gaur egun bakearen aldeko borrokaren sinboloa dela» azpimarratu zuen Sabino Aranak Fundazioak, «gerren tragediak, errefuxiatuen drama humanitarioak eta txirotasunak ilundutako mundu batean».

Kontzertu Ekonomikoa

Picassok margotutako koadroaz gain, Sabino Arana Fundazioak Orbea bizikleta ekoizlea, Egibide fundazioa, Matxalen Ziarsolo eskubaloi jokalaria, Tolosako Ekinbide Etxea eta Pedro Luis Uriarte sailburu ohia saritu zituen, atzo Bilbon burutako ekitaldian.

“Kontzertuaren Komunitatea-Gurea Kontzertua” ekimenaren sortzaile den Uriartek itun ekonomikoaren garrantzia nabarmendu zuen, «gure sustraien parte baita».

PSOEko Susana Diaz eta Estatuko beste agintari batzuen jarrera kritikatu zuen. «Espainiako gizartean Kontzertu Ekonomikoaren gaineko estereotipo bat hazten utzi da, zeinaren arabera pribilegio bat eta paradisu bat dirudien, eta bata zein bestea tontakeria hutsa dira», esan zuen.

Bestetik, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak EAJren sortzailearen memoria defendatu zuen. «Ez dago Sabino Aranak herri honen historian utzitako arrastoa ezabatuko duen moziorik», adierazi zuen Bilboko PPk aurkeztutako mozioari erantzunez. Mozioa erretiratzea erabaki zuten azkenik.