GARA Euskal Herriko egunkaria

Ilargi amandrea


Atzo Kandelario. Hainbat esaera lotu ditugu euskaldunok atzoko egunarekin. Lezio ederrik badu gure erranairuen sorta aberatsak. Baina gaur, ilargi amandrea nahi nuke aipatu eta aupatu. Zergatik? Lagun baserritar pare batekin gozatu ederra jaso izan dut aurtengo negu aparteko honen «sekretua» aztertu eta azaleratzen.

Azaroko ilargialdiak 18 egunetan 204 litro euri oparitu zizkigun. Tartean 7 egun eguzkitsu. Martxa normalean portatu zen. Azaroa amaitu bezperan, ilberriak eman zigun abenduaren bestelako doinu eta tonua. Abenduak 17 egun eguzki beteko, goiz-goizetik iluntzeraino lainoxka bat ikusi gabekoak, ekarriko zizkigun. Eta 7 egun, juxtu 7, euri lardaska egin zigunekoak: ilbete inguruan, noski. Abenduan, berez egunik laburrenetakoa izanik ere, 178 ordutan joko zuen eguzkiak, paisaia eta mendi-bizkar dizdizariak erakutsiz hala goizetik nola arratsetik. Lau egun bakarrik eguzki errainurik gabekoak.

Baina ez zen horretan amaitu, hori dena borobiltzeko tranpatxoa zekarren Urtezahar bezperako ilberri amandrearenak: Urtarrilak ere beste 7 egun emango zizkigun, ilbetean denak, euritsuak, elurra tarteko; eta 17 egun eguzki betekoak, goizeko puntatik arrats gero eta luzexkoagoa ongi argituz. 182 ordu eguzkitan. Harrapazak! Abendua eta ilbeltza, azken bi egunak salbu, bi hilabeteak frantzipar hotz eta lehor berberak gobernatuta iritsi zaizkigu aurten. Azken 50 urteotan, abenduak, batez beste, 82 ordu ematen zizkigun eguzkitakoak. Eta urtarrilak, 85. Aurten, bikoiztu eta ondroso pasatu ere bai. Frantzipar hotz garbi terkoari esker. Izotza barkatu beharko genioke...

Mapetan ikusia nuen, eta hala gaztigatu nien lagun baserritarrei: «Ilargi amandreak bazekik zertan diharduen: 60 egun zeruertzak garbi mantendu dizkigun frantzipar lehorraren ondoren, hemen zekarkiguk otsailerako hego saltseroa, hodei bidaiari paseko altuen konpainian...»

Urtarrileko 25aren gauetik hodeiak eta euri xaplata ttikiak hemen ditugu, baina baita epel ere. Eguzkia tapatu digute, baina bi ilargialditako izotzekin amaitu ere bai.