06 FéV. 2017 Manex Agirre garaile lehenengo finalaurrekoan Arabako Bertsolari Txapelketak gainditu du bere lehenengo langa. Aitzineko finalaurrekoa jokatu da bart Langraizen 70 bertsozaleren aurrean eta Manex Agirre aramaioarrak lortu du puntuaziorik onena. GARA LANGRAIZ Abiatu du bere ibilbidea Arabako Bertsolari Txapelketak Langraizen jokatutako lehen finalaurrekoarekin. Arabako bertso eskolen sarea irudikatu nahi duen amaraunaren pankartaren aurrean sei bertsolari izan ziren agertokian: Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Zigor Enbeita. Lehen saio honetan 13 bertso puntuagarri kantatu zituzten bertsolariek. Ariketa guztiak egin ondoren, Manex Agirrek lortu zituen puntu gehien, 229 puntu. Horrela, Aramaioko bertsolariak Legution jokatuko den bigarren itzuliko laugarren finalaurrekoan kantatuko du, martxoaren 4an. Gainontzeko beste bertsolariak puntuazioen zain geratuko dira jakiteko non kantatuko duten bigarren saioa. Puntuazioak ondorengoak izan ziren: Manex Agirre, 229 puntu; Rikardo Gonzalez de Durana, 227 puntu; Peru Abarrategi, 222,5 puntu; Zigor Enbeita, 215 puntu; Asier Rubio, 204,5 puntu; Felipe Zelaieta, 200,5 puntu. Zazpi lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik Marta Ugarte izan zen Langraizko aurkezlea. Lehen itzuliko hiru finalaurrekoetako epaimahaia, horrela osatuta dago: Patxi Aizpurua, Iker Elexpuru eta Ainhoa Aizpurua. Idazkari lanetan Esti Zengoitibengoa ari da. Datorren igandean, Zigoitian, lehenengo itzuliko bigarren finalaurrekoa jokatuko da.