06 FéV. 2017 Silviaren negarra Jon GARMENDIA Idazlea Baix Empordako herrixka batean sortu zen Silvia Perez Cruz orain dela 34 urte, Palafrugellen, Gavarres mendigunearen magalean eta Mediterraneoko urek lurra ukitzen duten tokian. Beharbada, nahasketa horrek dakarkio aberastasuna bere kantuari, edo aitaren eraginak bestela, Castor Perez habanerak kantatzen maisua zelako, fabrikako langile izanagatik habaneren ikerkuntzan pasatzen zuen bizitza eta tabernetan eskaintzen zuen bere artea, ondoan zeukan beti alaba Silvia; baina ama du «inspirazio», hura ere kantuzale, «hippy bat», artearen nozioak irakatsi zizkiona, hala aitortzen du nonahi bi abizenak erabiltzen dituen artista katalanak; musika eskolan lehen instrumentua ahotsa hautatu zuen, bigarrena saxofoia, eta harekin jazz doinuak landu zituen urte askotan, nahiz eta ahotsarekin sortu txundidurak; geroz eta jende gehiago biltzen du kontzertuetan, eta askok isurtzen dituzte emoziozko malkoak. Aspaldi neukan berari buruzko zutabea idazteko desira, nik ere malkoak isuri izan baititut berari entzunda, batzuetan Pere Quarten koplak diren eta Lluis Llachen musika daraman “Corrandes d’Exili” abestiarekin, edo Llachen “Abril 74” Portugaleko krabelinen iraultzari buruzkoarekin bestela. Goya sari bat irabazi du orain, “Cerca de tu casa” filmeko “Ai, ai, ai” abestiarekin, “Domus” diskokoa, eta saria eskuratzean kantuz ekin zion, bizitzan negar egiten ari direnak gogora ekartzeko: «Mentiras, sonrisas y amapolas, discursos, periódicos, banqueros y trileros, canciones, manos y pistolas, bolsos, confeti, cruceros y puteros. Te roban y te gritan» eta «Es indecente, gente sin casa, casas sin gente». Entzun dezatela.