07 FéV. 2017 Baserriak etorkizun oparoa duela eta haren parte izan nahi duela dio ENBAk Elikadura osasuntsuaren, lurraldearen kudeaketaren eta jasangarritasunaren berme denez, baserriak etorkizun oparoa duela aldarrikatu du Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak, nekazarien sindikatuaren 25. urteurreneko batzarrean, eragile eta agintari ugariren aitzinean. GARA URNIETA Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) mende laurden bete du eta, hortaz, ospakizuna ere izan zen joan den igandean Urnietan egindako batzarra. Jende ugari bildu zen Salesiarren Ikastetxean: baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta agintariak; Mikel Pagola herriko alkatea, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Nekazaritza diputatua eta Iñigo Urkullu lehendakaria tartean. ENBA elkarteko eta Enaro kooperatibako diru kontuak onartu, eta 2016ari buruzko txostena aurkeztu zuten. Bestalde, Zaldibiako Oidui mendizale elkartearen etxolaren erreketa gaitzetsi, eta Aralarko azpiegiturei buruzko eztabaidatik aparte kokatu zuten gertaera. Mundu aldakor honetan nekazaritza sektoreak izan dezakeen etorkizunari heldu zioten gero. Valentziako Unibertsitate Politeknikoan Ekonomia Aplikatuan katedraduna den Jose Maria Garcia Alvarez-Coquek elikagaien alorreko presioak (globalizazioa, energia, klima aldaketa eta elikagai katearen desoreka) aipatu zituen, baita baserri txikien eta hiriguneen alternatibak ere. 2020tik aurrera Europako nekazaritza politikak jarrai ditzakeen ildoak ere jorratu zituen. Katedradunaren ondotik, ENBAko presidenteak, Iñaki Goenagak, hartu zuen hitza. Sektoreak bizi duen egonkortasuna azpimarratu zuen. Erran zuenez, ekoizpen sektoreak egituratuta daude eta eragileen artean elkarlan giro baketsua gailentzen da. Jendartea gero eta urbanoagoa dela eta bere behar eta nahiak hausnartu eta nekazaritza azpiegitura guztia hurbileko merkatua asetzera bideratu behar dela erantsi zuen. Ekoizle eta kontsumitzaileak eskutik helduta, bi aldetako dinamika berria moldatuz egin behar da lan hori, Goenagaren iritziz. Gazteentzako aukera ENBAko presidenteak nabarmendu zuen beste ideia bat belaunaldi berriei zabaltzen zaien aukera da. «Baserriak etorkizun oparoa izango du hortik bizi nahi duten gazteentzat, are gehiago gure gizartean elikadura, paisaia, natura, jasangarritasuna, bertakotasuna eta halako kontzeptuak nagusitzen ari direla ikusirik», adierazi zuen. Azken 25 urteotan Euskal Nekazarien Batasuneko presidente izan diren Jon Arruti, Mikel Arteaga eta Iñaki Goenaga bera omendu zituzten esker onaren txapela jantziz. Eta, ekitaldia amaitzeko, Iñigo Urkulluren adierazpenei egin zieten tartea. Honek lehen sektorearen garrantzia nabarmendu zuen, eta 15.500 ustiategik egiten duten lana goraipatu, baita ENBAk sektorea egituratu eta modernizatzeko egindako ekarpena ere.