08 FéV. 2017 Carmen «aske eta poliedrikoena» oholtzaratuko du Opus Liricak Bizetek «Carmen» opera sortu zuenetik 150 urte joan dira eta Opus Lirica elkarte donostiarrak haren bertsio «eguneratua» taularatuko du ostiralean eta igandean Kursaalen. Lehen aldiz, elkarteko kide batek, Ekaitz Unai Gonzalezek, hartu du obraren eszena-zuzendaritza. Dernière mise à jour : 08 FéV. 2017 - 06:35h Amalur ARTOLA DONOSTIA Bizetek “Carmen” sortu zuenetik 150 urte pasatu badira ere, opera horretan «oraindik oso egungoak diren gaiak» jorratzen direla uste du Ekaitz Unai Gonzalez eszena-zuzendariak, «gure gizartean garrantzia handia dutenak; maitasuna, borrokak...». Hala ere, Bizeten obraren gaineko «berrirakurketa» egin dutela azaldu zuen: «Izan ere, egungo ikuspegitik begiratuz Carmen emakume aske, poliedriko baten gisara marraztu behar dugu, inpultso emozional eta sexualez haragokoa». «Saiatu gara aurreiritzirik gabe begiratzen Carmen, eta uste dugu zer edo zer berria ekarriko duela», esan zuen Gonzalezek. Carmen «garaikidea» oholtzaratzeko ardura Maria Jose Montiel mezzosopranoaren esku egongo da. Opus Liricako zuzendari Ainhoa Garmendiak azaldu zuenez, «gaurkotasun lirikoko artistarik preziatuenetakoa» eta Carmen gisa «ezagunenetakoa da» Montiel. Hitza hartuta, Mezzosoprano madrildarra bere pertsonaiak izan ditzakeen aldaeren gainean aritu zen: «Carmen hainbeste aldiz interpretatu ostean, eskertu egiten da talentua duen eszena-zuzendari batekin topo egitea, bere ideiek asko laguntzen baitidate; Carmen bakarra da baina era askotakoa izan daiteke, eta Donostiara ekarriko duguna oso Carmen modernoa da, topikoetatik urrun dagoena. Alemanian ere antzeztu dut Carmen modernorik, baina hau emakume libreagoa da, egungoa, kalean topa daitekeena. Hori da Carmen honek eman didana», ziurtatu zuen. Montielek Opus Liricak egiten duen lanaren gainean ere hitz egin nahi izan zuen. «Kulturaren alde lan egiten ari den elkartea da. Ni ere kulturak bere lekua izan dezan nabil borrokan, uste baitut kulturarik gabe gizadiari ilunpea besterik ez zaiola geratzen». Oholtza gainean, Montielekin batera Eduardo Sandoval (On Jose) ariko da paper nagusia jokatzen. Tenoreak azaldu zuenez, «On Jose nire pertsonaia gogokoena da, asko disfrutatzen dut hura interpretatzen». Montielekin abestea «ohorea» izango dela esan zuen, «Carmen handienetakoa baita». Montielek bezala, Sandovalek ere Opus Liricaren lana goraipatu eta instituzioek gisa honetako ekimenak lagundu beharko lituzketela aldarrikatu zuen. Lehen aldiz etxeko zuzendaria Montiel eta Sandovalekin batera, Ainhoa Garmendia (Micaela) eta Enrico Marruci (Escamillo) izango dira interprete nagusiak. Gainerako abeslarietatik gehienak euskaldunak izango dira, eta etxekoak dira ere emanaldietan arituko diren abesbatzak (Tempus Ensemble eta Easo Abesbatza). Donostiako Musika eta Dantza Eskolak ere hartu du parte produkzioan, eszenografia Hernanin egina da... «Gipuzkoar artisten alde jarraitzen dugu, hemen profesional handiak ditugu-eta lehen mailako produkzioak egiteko», ziurtatu zuen Garmendiak, obran parte hartu duten 200 profesionaletatik «gehienak» gipuzkoarrak direla ziurtatzeaz batera. Opus Lirica elkartearen seigarren opera izango da “Carmen” eta, berrikuntza bezala, lehen aldiz elkarteko kide bat, Gonzalez, izango da eszena-zuzendaritza hartu duena. Horrek «ilusio berezia» egiten dio Garmendiari. Batetik, etxekoari garrantzia ematen jarraitzen dutelako eta, bestetik, horrek «asko» erraztu duelako prozesua: «Entseguak aurrez egin ahal izan ditugu, Ekaitzek koruekin lanean lehenago hasi ahal izan du... Opus Lirican lantalde txikia dugu, 15 pertsonakoa, eta gutako bakoitzak bost pertsonaren lana egin behar izaten du. Eszena-zuzendaria etxekoa izatean, bestela aurreratu ezingo genituzkeen eta denbora tarte oso murritzean egin beharko genituzkeenak errazago egitea lortu dugu eta horrek oholtza gainean emaitza hobeak emango dituelakoan gaude», esan zuen. Amaitzeko, sarreren salmenta «ondo» doala ziurtatu zuen Garmendiak. “Carmen” ostiralean eta igandean oholtzaratuko dute Donostiako Kursaalen (20.00etan) eta emanaldi bakoitzeko «gutxi gorabehera» berrehun sarrera geratzen dira (71, 56, 46, 36 eta 18 euroan, azken salneurri hau 30 urtez beherakoentzat). INTERPRETEAK Maria Jose Montiel mezzosopranoak, «Carmen handienetakoa» denak, jokatuko du protagonistaren rola. Haren ondoan ariko dira Eduardo Sandoval, Enrico Marruci eta Opus Liricako kide Ainhoa Garmendia.