06 MAR. 2017 Beste batzuk ginen Jon GARMENDIA&hTab; Idazlea Izango dira hogei bat urte, gaztelerazko espresio bati buruz eztabaidan jardun ginela lagunartean. “Haya cada uno” edo “Allá cada uno” ote zen egokia. Batek iturburua aipatu zuen, jatorria, jakintsuaren plantak eginaz, eta hor piztu zen sua, sesioa. Beste batek desberdinki erabiltzen zituzten idazleak ekarri zituen gogora, auskalo zein libururen izenburuak aipatuta. Latinoamerikako toki batean forma bat erabiltzen zela argudiatu zuen beste batek, eta nik, beste toki batean beste forma bat erabil zitekeela nioen. Batek seguru ez dakien gauza bat erratean besteak ez baitu enpirikotasunik agertu behar. Bata eta beste, bai; beste mundu bat zen gure lagunartea. Kontua da, eztabaidak ordu erdi baino gehiago iraun zuela, eta tarte batzuetan, beroaldi dezente agertuz hitzetan. Hori bai, eztabaida enpatean utzita, konklusio garbirik atera gabe, denak elkarren lagun gelditu ginen. Beste batean arrautzak izan ziren eztabaidagai, apika, testosterona sobera geneukan guk, baina oiloek erruten zutena izan zen suaren ke. Gazteleraz oraingoan ere, “He freido un huevo” edo “He frito un huevo” ote zen. Eta tira, oilategia guk muntatu genuen. Urteak pasa dira, eta elkartzen jarraitu dugu, lagunak izaten, orduko eztabaidak oroitzapen gisa ikusten ditugu, eta irri karkailak egiten oroitzerakoan; urteek, ordea, hoztasuna ekarri digutela dirudi, distantzia, jada ez dugu zerekin eztabaidatu, eta umekeriak iruditzen zaizkigu garaiko eztabaidak, orain, heldutasunari heldu behar diogun sentsazioa daukagu. Sakonki aritzen gara politikaz, kulturaz, herriaz. Baina ez dugu lehen adina gozatzen, ez dugu orduan bezainbeste pasio.