GARA Euskal Herriko egunkaria

Zezenketei buruz erabaki ahal izateko eskua luzatu dio EH Bilduk Eneko Goiari


Ataka zailean geratu da Eneko Goia Donostiako alkateak zezenketei buruz hartu zuen bidea. Espero bezala, Gobernu espainolak galdeketa debekatu egin du, eta gainera haren gobernukide den PSEk helegitea aurkezteko asmoa errefusatu du, eta ondorioz litekeena da Osoko Bilkurak ez onartzea. Gauzak honela, eskaintza egin dio EH Bilduk Goiari: helegitearen alde egiteko aukera aztertzeko prest dago (bere bozak beharko lituzke alkateak), baina betiere «paraleloki beste tresna batzuk» abiatzen badira, «lehentasunez», herritarrek erabaki dezaten.

«Bil gaitezen mahai baten bueltan, hitz egin dezagun eta adostasunak bila ditzagun», eskatu dio EH Bilduk EAJri. Gogoratu behar da alde handia dagoela bi talde hauen artean afera honetan: Bilduk gobernatu zuen lau urteetan ez zen zezenketarik izan Illunben, baina 2015etik EAJk berreskuratu egin ditu. Bata zein bestea, hori bai, herritarrak erabakitzearen alde daudela nabarmentzen dute.

«Galdeketaren eskaera oso zabaldua dago –gogoratu dio koalizioak Goiari–. Izan ere, 10.000 sinadura baino gehiago bildu dira eskaera hori babesteko. Gainera, Udalbatzak behin baino gehiagotan hartu du galdeketaren aldeko jarrera. Are gehiago, urriko Udalbatzan, gehiengoz, Ministro Kontseiluak debekatzeko erabakia hartuko balu bide alternatiboak bilatu beharko liratekeela erabaki zen. Eta hori da, hain zuzen, gertatu dena», gogorarazi dio alkateari.

Goia, PSErekin haserrerik ez

Bitartean, PSEk harturiko jarrerari larritasuna kentzen ahalegindu zen atzo Eneko Goia. Asteroko Gobernu bileraren ostean, Ernesto Gascok iragarritako plantoa «ulertzeko zaila» egiten zaiola onartu baina «errespetua» agertu zuen. Gobernu itunari kalte egingo ote dion galdetuta, ezetz esan zuen alkateak, «gauza hauek naturaltasunez hartu behar direlako, iritzi ezberdinak direnean».

Madrilgo Gobernuak ezarritako debekuaren aurrean, helegitea aurkezteko beharra adierazi zuen Eneko Goiak, «koherentziaz» jokatzea ezinbesteko ikusten duelako. Baina hori Osoko Bilkuran onartu behar dela erantsi zuen, eta ez dago garbi horretako boz kopuru nahikorik bermatuta ote dagoen.

Mariano Rajoyren Gobernuaren ezetzari dagokionez, «demokratikoki guztiz tokiz kanpo dagoela» esan zuen. Gogorrago mintzo da EH Bildu: «Injerentzia berri hau errefusatzen dugu, subiranotasun faltaren beste adibide bat da».