GARA Euskal Herriko egunkaria
SUPER AMARA BERA BERA

Behar baino gehiago sufritutako garaipena

Donostiarrak markagailuan atzetik izan ziren 44. minutuan partida irauli arte.


BASE VILLAVERDE 21

BERA BERA 22


Espero baino izerdi gehiago bota izan behar zuen Super Amara Bera Berak Base Villaverderen aurka, azken-aurreko sailkatua izan arren gauzak asko zaildu baitzizkion sailkapenaren gorenean den taldeari. 44. minutura arte madrildarrak aurretik izan ziren markagailuan, betiere bat edo bi goleko aldearekin. Kanporatzeak ere asko izan ziren Bera Beran: Sans bi aldiz, Elorza behin eta Temprano atezaina beste behin. Puche entrenatzailea ere ohartarazi zuten epaileek.

Lehen zati borrokatu batean, Base Villaverdek jokalari bat gehiagorekin jokatu zituen minutuak ederki aprobetxatu zituen. Hala, donostiarrek azken txanpan aldea murriztea lortu bazuten ere, atsedenaldian 12-11 adierazten zuen markagailuak oraindik. 

Lopezek, zortzi gol

Bigarren zatia hasi eta berehala Marta Lopezek berdinketa ezarri zuen arren, etxekoek segituan bi goleko abantaila eskuratu zuten. Horrez gain, Sans eta Tempranoren kanporatzeen ondorioz, bi jokalari gutxiagorekin jokatzera egokitu behar izan zuen Pucheren taldeak –entrenatzailea ere ohartarazi zuten-. Une horretan, Marta Lopezen golak ezinbestekoak izan ziren markagailua irauli eta arnasa hartzeko, lau goleko aldea lortuta (16-20). 

Lasaitasunak, baina, ez zuen gehiegi iraun. Hala, azken minutuetan gogor eutsi behar izan zuen Bera Berak garaipenak ihes egin ez zezan. Azkenean 21-22ko markagailuarekin bi puntu gehiago batu eta lidergoa mantentzea lortu zuten donostiarrek. Guardes talde galiziarra bi puntura dute.