GARA Euskal Herriko egunkaria

«Artea Oinez» erakusketak 72 lanekin zabaldu ditu ateak Kondestablearen jauregian

Basterretxea, Sistiaga eta Zumetaren artelanetatik Mendizabal, Okariz edo Jauregiren obretara, belaunaldi eta diziplina ugariko erakusketa ireki dute Iruñean Lesakako Tantirumairu ikastolak antolatuta.


Denera 71 artistaren 72 artelanek osatzen dute “Artea Oinez” erakusketa. Zehazki, 21 eskultura, 9 argazki, 29 margo eta teknika anitzez –inpresio digitala, serigrafia, akuafortea– landutako 12 grabatu aurkituko ditu bisitariak Kale Nagusiko Kondestablearen jauregian.

Parte hartu duten artisten artean 60ko hamarkadan Gaur taldeko kide izan ziren Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga edo Jose Luis Zumetaren lanak aurki daitezke. Baita Koldobika Jauregi, Juan Gorriti, Itziar Okariz, Faustino Aizkorbe, Vicente Larrea, Asier Mendizabal, Lorea Alfaro, Mikel Lertxundi, Iñaki Olazabal, June Crespo, Alicia Irigoyen, Jose Ignacio Agorreta eta Mari Jose Recalde bezalako artisten lanak ere.

Bestalde nabarmendu Nafarroa Oinez jaiak aurten Jose Luis Zumeta omendu duela-eta, margolari usurbildarraren bi artelan ikus daitezkeela erakusketan. Izenbururik gabeko bi margolan utzi ditu zehazki erakusketarako, paper gaineko tenpera bat eta mihise gaineko olio-pintura bat.

Aurtengo artista kutun izendatu du Lesakako ikastolak Zumeta. Horrela, “Artea Oinez”-ekin izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dio. «Gure altxorrik handienarekin, euskararekin, erakutsi duen prestutasuna eskertu nahi zaio», adierazi zuen Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketaren komisario Josu Reparazek.

Toki berezia izango du aurtengo erakusketan usurbildarrak. «Kultura artistiko unibertsalari egindako ekarpena aitortzeko omenaldia ere bada, beti umiltasunez aritu delako Zumeta, benetakotasunez, eta askatasun artistiko betean», azaldu zuten atzo Iruñean. Tantirumairu ikastolako ikasleek, Zumetaren ibilbidea ikasteaz gain, bere teknikak eta artea sortzeko moduak ere ikasten ari dira ikasturtean zehar tailer desberdinetan.

Aniztasuna

Lesakako Tantirumairu ikastolako ordezkariek «erakusketaren aniztasuna eta aberasgarritasuna» nabarmendu dituzte, «sortzaileen ugaritasunaren isla». Atzo aurkeztu zuten hedabideen aurrean erakusketa Reparazek, Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako presidenteak eta Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara teknikariak.

Iruñean, Kondestablearen jauregian, hilabetez izango da erakusketa. Astelehenetik larunbatera 09.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara dago irekita. Eta maiatzaren 6tik aurrera Lesakako kultur etxean egongo da. Erakusketaren edukiarekin kaleratutako katalogoan aurtengo ediziorako idatzitako sei haikuak ere irakur daitezke.