30 AVR. 2017 Donostia Rezustak beste horma bat eraitsi du pilotakadaka J.O. REZUSTA 22 ALTUNA III 14 Ezker atzelari profesionalik egotea ezinezkoa zela gezurtatua zuen aurretik eta atzelariek egun buruz buru jokatzerik ez duten ustea ere hankaz gora jarri zuen Beñat Rezustak ostiral gauean Donostian, Jokin Altuna faboritoari irabazi eta finalerdietarako sailkatzea lortuta. Dirua doblean irten zen amezketarraren alde eta azpiko dirurik ez zen ia mugitzen, baina berehala ikusi zen gauzak oso bestelakoak izango zirela. Izan ere, Rezustak pilotakada guztiak gozatzen zituen bitartean, txapelketan debuta egiten zuen Jokin Altunak ez zuen asmatzen zituen aukera apurrak aprobetxatzen. Victorren aurkako partidarekin alderatuta, Beñat Rezustak beste pilotari bat zirudien; pilota bakoitzera bikain jarri eta frontisaren altuera guztia bikain baliatuz, behin eta berriz pasa zuen pilota Jokin Altunaren gainetik, denera hiru errebote ere joz. Berehala hautsi zuen bergararrak partida, 7-1eko partzialarekin. Amezketarrari, aldiz, sakea berea zuenean ere, kosta egin zitzaion tantoak batzea, Rezustak berea egiten jarraitu zuen bitartean. Hala ere, partida erdia pasata, izan zuen bere momentua aurrelariak, eta, sakearekin asmatuta, 16-13 ere gerturatu zen. Aldiz, txapara bidalitako pilota batekin amaitu zen Altuna III.aren erreakzioa. Beñat Rezustak ez zuen barkatu eta bihar Irribarria txapeldunak eta Artolak Eibarren jokatuko duten partiduko irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan.