21 AOûT 2017 EUSKOTREN LIGA Ospakizun borobila Bezperan Ligako titulua ziurtatu ostean, San Juanek azken estropada eta ikurrina ere irabazi zituen atzo. A.A. Pasai Donibane emakumezkoen arraunean urrezko aro bat idazten ari dela gauza jakina da, eta horren erakusle da Euskotren Liga, traineru liga nagusia, laugarrenez irabazi duela jarraian. Laugarren titulu hori larunbatean utzi zuen ziurtatua matematikoki, baina hori gutxi ez eta Pasai Donibaneko neskek amaiera borobila eman zioten aurtengo lehiari, azken estropada irabazi eta Zarauzko IX. Ikurrina ere etxera eramanez. Sanjuandarrek Hibaikarekiko 9.78 segundoko aldearekin ekin zioten Zarauzko bigarren jardunaldiari. Eta bandera arriskuan ez ipintzeko aurreneko urratsa kale zozketan eman zutela esan daiteke: San Juan bigarren kaletik irten zen, onentsuena, eta Hibaika laugarrenetik, printzipioz inork nahi ez zuena. Estropada, hala ere, ikusgarria suertatu zen. Brankaz oso lan ona egin zuten bi traineruek, eta ziabogan aldea bi segundokoa bakarrik zen. Parekotasun hori ikusita, argi geratu zen banderaren borrokan ez zela emoziorik izango, baina bai estropada irabazteko lehian. Hibaika, Naroa Galdos patroiaren eskutik, istriborrera hurbiltzen joan zen apurka-apurka eta azken metroak pare-parean egin zituzten bi ontziek. Azkenean garaipenak ez zion ihes egin San Juani, 11.14.22ko denbora markatuz eta Hibaikari 6.44 segundoko aldea aterata. Orio 27.24ra sartu zen eta Arraun Lagunak, bezperan baino askoz lehiakorrago, 37.22ra. Ikurrinaren sailkapen nagusian, San Juanek 22.55.86ko denbora ezarri zuen eta Hibaikak 23.12.08koa, 16.22 segundora. Eskaintzak Pasai Donibanek merezitako harrera eta omenaldia egin zion emakumezkoen traineruari arratsaldean, eta estropada amaieran eskaintzak ere ez ziren falta izan. Xabier Arraras presidenteak, Maialen Arrazola entrenatzailearen eta bere nesken lana eskertu ostean, taldeak aurrez izan dituen entrenatzaileen lana ere nabarmendu nahi izan zuen, Zarautzen egoterik izan ez zuten arraunlariena ere bai, eta Florentino Legorburu ere gogoan izan zuen.