28 AOûT 2017 TRONTZA Barberena anaiek aurreneko epaitik erabaki dute finala Beraiek ziren Euskal Herriko txapeldunak, eta garbi utzi nahi izan zuten aurtengoan ere ez zietela irabazteko inongo aukerarik emango gainerakoei. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Barberena anaiek irabazi zuten atzo Gorritin jokatu zen Euskal Herriko finala. Faborito garbiak ziren, eta hasieratik amaierara izan zuten neurketa kontrolpean. Lehen epaitik jarri ziren aurretik, eta amaierara arte hortxe jarraitu zuten. Bete egin ziren Gorritiko pilotalekuko harmailak, jendea bertaratu baitzen final hau ikusteko. Urte askotan kanporaketak jokatu behar izan dira trontzan, baina azkeneko bietan hiru bikote besterik ez dira lehiatu. Bakoitzak, 10 epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 60 ontzakori, sei etzanda jarritako kana-erdikoari eta beste sei zutik jarritako 60 ontzakoari. Barberena anaiak lehen epaitik jarri ziren lehen postuan, eta apurka-apurka aldeak ateratzen hasi ziren. Sailkapena bera ere oso azkar finkatu zen, bigarren postuan jarri baitziren Ispizua eta Zubizarreta eta hirugarren Berruezo eta Oteiza. Askotan zutik jarritako enborrak erabakitzen ditu final hauek, baina atzokoan hasieratik geratu zen erabakita, lehen epaia amaitu zuten bezalaxe amaitu baitzituzten lan guztiak ere. Emozio gutxi izan zuen atzoko finalak, eta faboritoek ez zieten gainerakoei inongo aukerarik eman. Lan guztiak burutzeko, 14 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten Barberena anaiek. Atzetik, Ispizua eta Zubizarreta (15.55) eta Berruezo eta Oteiza (19.32) sailkatu ziren. Harriak Inhar Urruzunok ez zuen hutsik egin Bizkaiko harri-jasotze Txapelketan, eta lesio handi batetik atera berria izan arren, aise jantzi zuen txapela, guztira 90 jasoaldi lortuz. Atzetik, Zelai V.a (78 jasoaldi), Julio Jimenez (56 jasoaldi), Jon Peter (50 jasoaldi) eta Iñigo Jimenez (37 jasoaldi) sailkatu ziren. Bilbon jokatutako harri-zulatzaileen Ligako jardunaldia, berriz, Ortuellako Burdin Gazteak taldeak irabazi zuen, 13 zulo eta 2,5 zentimetroko markarekin. Atzetik, Kabiezes, Aldai Alde, Piratak eta Errekatxo taldeak sailkatu ziren. Denen artean ere ez zen alde handirik egon. BIKOTE GUTXI Oraintsu arte finalaren aurretik kanporaketak jokatu behar izan dira beti, baina azkeneko bi urte hauetan hiru bikotek bakarrik eman dute izena, eta Euskal Herriko Txapelketa doi-doi jokatu ahal izan da. BETETA Azkeneko urte hauetan Gorritik beti hartzen du txapelketaren bat eta aurten ere ez da gutxiago izan. Zaleek berriro ere erantzun bikaina eman zuten, pilotalekuko harmailak erabat betez.